Itxi

Musika

Kontzertua

Slayerren indarrak Bilbo astinduko du uztailaren 7an

Natxo Velez | eitb.com

Kaliforniako thrasherrek Santana 27 Boluetako aretora eramango dituzte haien doinu bortitzak. Oraindik ez dute iragarri zein taldek lagunduko dituen, baina sarrerak salgai daude,  38,10 euroan.

  • Tom Araya, Slayer. Argazkia: Efe.

    Tom Araya, Slayer. Argazkia: Efe.

Slayer, metal eszenako talderik azkar eta bortitzenetako bat, zuzeneko bizi-biziak emateagatik da, besteak beste, ezagun, eta bilbotarrek eta bertara joaten direnek bertatik bertara ikusi ahal izango dute horietako bat, uztailaren 7an. Aukera ezohikoa izango da, gainera, gutxitan aritu baitira Kaliforniako Bay Areakoak areto itxietan gurean; azkenaldian, 2010eko Bilbao BBK Liven eta 2008ko Kobetasoniken adibidez, jaialdi handietako programazioan egon dira.

Laukotea ez dago bere ibilbidearen une gorenean, ez dabiltza ez arrakastaren ez inspirazioaren aparretan, baina Slayer thrash metalaren erakusgarri argienetakoa dugu munduan. Estiloa asmatzen eta zabaltzen ezinbestekoak izan ziren, Metallica, Megadeth Exodus eta, Ekiladeko kostaldetik, Anthrax izan ziren bezala. Azken horiek ere Bizkaian izango dira aurki, Iron Maidenekin batera maiatzean eta, zeinek daki, beste data batean ere agian.

Bidean, Slayerrek maisulanak, estiloaren bilakaera mugarriak ezarri zituzten lanak, egin ditu, hala nola "Hell Awaits", "Reign in Blood" eta "South of Heaven" diskoak, eta lan garaikide nabarmenak ere utzi ditu taldeak, aurrekoen mailara heldu barik betiere, "God Hate Us All" diskoa kasu.

Slayerren egungo osaerak aldaketa nabarmenak izan ditu, nola halabeharrak eragindakoak, 2013an Jeff Hanneman gitarrista eta taldearen sortzailearen heriotza adibidez, hala rockaren jukutriak ekarritakoak, Dave Lombardo bateria, kantu nabarmen gehienak grabatu zituen taldekidea, laukotetik at utzi zuen eztabaida berbarako.

Bilbon, Tom Arayak (baxua eta ahotsa) eta Kerry Kingek (gitarra) Gary Holt (Exodus) gitarrista eta Paul Bostaph bateria izango dituzte lagun. Lehenengoa aspaldidanik dago taldean, Jeff Hanneman zenaren osasun arazoak tarteko hura ordezkatzen sartu zenetik, eta Bostaph ere danborren atzean egon zen sasoi batean, 1991tik 2002ra Lombardo taldetik at egon zen garaian, eta lan goraipagarria egin zuen.

Sarrerak Ticketmaster sarean salgai egongo dira.