Itxi

Musika

Musika Hamabostaldia

Musika Hamabostaldiak atzera begiratuko du 75. urteurrenean

Erredakzioa

Musika ekimenak 1939an bertan jo zuten lehen lana eta historiako beste pieza esanguratsuenak eguneratuko ditu, punta-puntako orkestren eskutik.

1939ko abuztuaren 16an, Schuberten "Sinfonia Bukatugabea"k abiatu zuen Donostiako Musika Hamabostaldia. Uda honetan, 75. urteurrena dela eta, jaialdiak lan hori eta "La Boheme" (Puccini) berreskuratuko ditu, besteak beste.

Antolatzaileek oso programazio berezia prestatu dute 75 urte beteko dituztela ospatzeko: Hamabostaldiaren historia luzean berebiziko tokia egin duten lanak aukeratuko dituzte, honezkero.

Kursaaleko auditoriumeko agertokitik, Rotterdameko Orkestra Filarmonikoa, English Baroque Solists, Budapest Festival Orchestra eta Tolosako Kapitolioko Orkestra pasatuko dira, besteak beste, antolatzaileek ohar batean iragarri dutenez.

Aurtengo ekitaldirako iaz baino aurrekontu handiagoa erabiliko dute, eta abuztuaren 1etik 31ra iraungo du. Itxierarako, Budapest Festival Orchestra taldea izango da, Ivan Fischerren gidaritzapean, Schuberten "Sinfonia Bukatugabea" jotzen. Halaber, hilaren 3ean Brahmsen 3. eta 4. sinfoniak ere joko ditu Hungariako orkestrak.

"La Boheme", bestalde, Valentziako Arte Jauregiaren ekoizpena da; Davide Livermore da eszena zuzendaria, eta abuztuaren 15 eta 16an taularatuko dute.

Verdiren "Requiem" 1940an heldu zen Hamabostaldira, eta "hitzordu nagusietakoa" izango da aurten ere, beti bezala, musika barrokoarekin eta balletarekin batera.

Donostiako Orfeoiak 1939tik parte hartu du Musika Hamabostaldian, eta aurten Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionala izango du lagun, abuztuaren 1ean, "Faustoren kondenazioa" (Berlioz) eskaintzeko.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, bestalde, hilaren 22an eskainiko du emanaldia Jun Markl alemaniarra zuzendari dela. "Egmont" (Beethoven) goitik behera joko dute.

Horrez gain, ez dira faltako, ohiko legez, Antzinako Musikako, Musika Garaikideko, Organoko, Musikari Gazteen zikloak eta Hamabostaldi Ibiltaria.