Itxi

Musika

Kontzertua

Omar Faruk artista turkiarra, Arriaga Antzokian asteartean

Erredakzioa

"Ekialdeko eta Mendebaldeko soinuak" bikain uztartzen ditu bere musikan New Yorken bizi den musikari turkiarrak. 20:00etatik aurrera arituko da Bilbon.

Nazioarte mailan arrakasta handiena duen artista turkiarra omen dena, Omar Faruk Tekbilek, Arriaga Antzokiko agertokira igoko da, "Ekialdeko eta Mendebaldeko soinuen nahasketa hoberena eskaintzeko", antolatzaileek iragarri dutenez.

Musika estiloen eta zaporeen fusioa da musikari handi horren eskaintza, eta Arabia aldeko zein Mendebaldeko musika tresna asko menderatzeaz baliatzen da inor ez bezala ikus-entzuleei emozioak transmititzeko.

Duela zenbait urtetik New Yorken bizi den musikaria txirula-jotzaile gisa da batez ere ezaguna, eta talde azpimarragarria izango du alboan: Behadir Sener turkiarra (Kanuna), Yannis Dimitriadis greziarra (teklatua) eta Itamar Erez israeldarra (gitarra). Horiekin batera, bi perkusio-jotzaile arituko dira: Murat Tekbilek estatubatuarra –Omar Faruken semea– eta River Guerguerian kanadarra.

The tree of patience Omar Faruk Tekbileken azken lanean, besteak beste, Enrique Morente, Arto Tuncboyaciyan, Ara Dinkjian, Steve Roach eta Hansan Isakkut artisten laguntza izan zuen Farukek.

Adanali izeneko Turkiako herri txiki batean jaio zen Omar Faruk, eta, bere anaia Hadjiren gidaritzapean, musika-tresna bakoitzaren (txirula, baglama) giltzarriak ikasi eta barneratu zituen, musika turkiarraren eskala konplexuetan sartu aurretik.

Sarrerak, 9,50 eta 30 euro artean, Arriagaren webgunearen eta 946 850 850 telefono zenbakiaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiko salmenta ordutegian, eros daitezke.