Musika
Urriaren 9tik aurrera
Bilbao Orkestra Sinfonikoak 34 emanaldi egingo ditu denboraldi berrian
Erredakzioa
35 bakarlarik eta zuzendarik parte hartuko dute. Orain arte baino ordu erdi lehenago hasiko dira kontzertuak, 19:30ean. Kide ugariko familientzat eta langabeentzat prezio bereziak egongo dira.
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) denboraldi berria urriaren 9an hasi eta 2015eko ekainaren 4an bukatuko da, eta guztira, 17 programa, 34 kontzertu, programa sinfoniko koral bat, eta Gabonetako, Inauterietako eta itxiera kontzertu bana emango ditu.
Horrez gain, bi estrainaldi ere eskainiko ditu, bata denboraldi sinfonikoaren barruan, eta bestea ganberakoan. 35 bakarlarik eta zuzendarik hartuko dute parte, eta kontzertuak hasteko ordua ordu erdi aurreratuko da, alegia, 19:30ean hasiko dira.
Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu eta BOSeko Patronatuko presidenteak, BOSeko zuzendari nagusi Ibon Aranbarrik eta BOSeko zuzendari tekniko Borja Pujolek aurkeztu dute BOSen 2014-2015eko programazioa. Ariztondok adierazi duenez, BOSen 2014-2015 denboraldiak "Bizkaiko gizarteari orkestraren jarduna gerturatzen jarraituko du".
Horrela, denboraldi berrian, "Enigmak eta Kondairak" izenburupean, publikoak On Kixoteri buruzko Guridiren poema sinfoniko laburraz edo Sherezaderen "ekialdeko mundu liluragarriaz" gozatu ahalko du, besteak beste. "Musika absolutuaz" gozatzea nahiago dutenek, berriz, sinfonia handiak entzuteko aukera ere izango dute, esaterako, Mahlerren lehenengoa eta Brahmsen lehenengoa eta laugarrena.
Mendelssohnen "Lobgesang" sinfoniak leku berezia izango du Gabonetako kontzertuan. Bilboko Koral Elkarteak emanaldi horretan parte hartuko du, Victor Pablo Perezen zuzendaritzapean. Horrez gain, jazza, barrokoa eta ganbera musika ere egongo dira.
Kultura diputatuak orkestrak Bizkaiko hainbat udalerritan emango dituen kontzertuak nabarmendu ditu, besteak beste, Plentzian, Ondarroan, Gernikan, Lekeition eta Santurtzin. Horrez gain, BOS Santanderren ere arituko da, orkestra gonbidatu gisa Gaztela eta Leongo Sinfonikoaren Denboraldian.
Edizio honetako berrikuntzen artean kontzertuak hasteko orduan egindako aldaketa nabarmentzen da, BOSeko abonatuen iradokizunari erantzunez. Horrela, denboraldi sinfonikoaren kontzertuak orain arte baino 30 minutu lehenago hasiko dira, hau da, 19:30ean. Ordutegi berbera erabiliko da ganbera denboraldiko kontzertuetan.
Aurreko edizioetan bezala, abonamendu modalitate desberdinak egongo dira, bai eta prezio bereziak kide ugariko familientzat eta langabeentzat ere. Talde horientzat C eremuko sarrera solteek salneurri berezia izango dute, sarreren prezio ofizialari %50eko deskontua aplikatuko zaiolako.