Itxi

Musika

Jazza

El Cigala eta Michel Camilo, Getxoko Jazzaldiko izarrak

Erredakzioa

Hitzorduan, Jack DeJohnette, Hiromi eta Natalia Dicenta ere arituko dira. Uztailaren 2tik 6ra, Taldeen Lehiaketa, Hirugarren Milurtekoa atala eta jam session-ak ere egongo dira.

  • Michel Camilo uztailaren 5ean izango da Getxon. Argazkia: EiTB.

    Michel Camilo uztailaren 5ean izango da Getxon. Argazkia: EiTB.

Antolatzaileek esan dutenez, Natalia Dicentak (Madril, 1962) zabalduko du Jazzaldia uztailaren 2an, aktore lana eta musikagintza uztartu dituen emakumeak. Azkenaldian, goraipamen eta lausenguak jaso ditu, kritikari adituen aldetik, eta arrakastatsu aritu da zuzeneko emanaldietan.

Getxon, "Colours" bere lehen diskoko kantuak joko ditu: swinga, bluesa, rhythm and bluesa...

Hurrengo egunean, hilaren 3an, Jack DeJohnette (Chicago, 1942) bateriaren mitoa arituko da. Charles Lloydekin batera hasi zenetik, abangoardiako musikariekin aritu da, jazzik jatorrena ahaztu barik.

Besteak beste, Miles Davis, John McLaughlin, Chick Corea eta Dave Holland izan ditu ondoan, eta Keith Jarrettekin soinez soin aritu da lankidetzan, sarritan.

"Bitches Brew" eta "Live Evil: Miles Davis at the Fillmore" disko eraginkorrak grabatu zituen, Miles Davis tronpetistarekin batera.

Gero, Special Edition taldea sortu zuen, eta beste musikari askorekin jo zuen: Pat Metheny, Herbie Hancock, Eliane Elias, John Scofield...

Uztailaren 4ko artistaren, Hiromi Uehararen (1979, Hamamatsu; Japonia), emanaldiak teknika eta birtuositatearen aldarriak dira, "indartsuak", antolatzaileek azaldu dutenez. Sei urte zituela hasi zen musika klasikoa jotzen, eta bi urte geroago jazzaren munduan abiatu zen; ordutik, bi musika mota horiek txandakatu ditu. 2003. urtetik, nazioarteko hainbat bira egin ditu, eta bere lanetan jazz erritmoak, doinu klasikoak, rock progresiboa eta fusioa uztartzen dira.

Michel Camilo (Santo Domingo) jazz latinoko izar distiratsuenetakoa da, uztailaren 5ean ikusi ahalko denez. Teknika arrunt landuko konposatzaile handia da; 16 urte zituela Musika Eskola Nazionaleko irakasle eta Orkestra Sinfonikoko kidea zen dagoeneko.

1979an, New Yorkera joan zen, ikasten jarraitzeko, eta "Why Not!", bere lehen arrakasta handia, idatzi zuen: Paquito D'Riverarekin grabatu zuen, gero Mahattan Transferrek egin zuen bezala. 1985ean, Carnegie Hallen lehenengoz jo zuen, hirukote formatuan, eta nazioarte mailako ibilbide oparoa abiatu zuen.

"Michel Camilo", "On Fire", "The Other Hand" eta "Live At The Blue Note" dira jazzaren eremuan argitaratu dituen lan nabarmenenak. Musika klasikoan ere aritzen da Camilo: hainbat disko argitaratu ditu, Dominikar Errpublikako Orkestra Nazionala zuzendu du eta AEBko Orkestra Sinfonikoko zuzendarikidea izan da.

Artista askorekin batera jo du, eta hiru Grammy sari bereganatu ditu, azkena "What's Up?" lanaren ordainetan. Getxon beste bi aldiz jo du, eta, oraingoan, Lincoln Goines kontrabaxu-jotzailea eta Cliff Almond izango ditu lagun.

Azken egunean, uztailaren 6an, Diego "El Cigala" (Diego Ramón Jiménez Salazar; 1968, Madril) flamenko-kantari ospetsuenetarikoaren txanda izango da, "Camarón de la Isla handienaren oinordeko nagusietakoa". Rafael Farina abeslari handienaren iloba da, eta 1998. urtean egin zuen debuta "Undebel" diskoarekin.

El Cigala estilo askoko artistekin jardun da. 2002an, Fernando Trueba zinemagileak ekoitzita, "Lágrimas negras" grabatu zuen, Bebo Valdéz piano-jotzailearekin elkarlanean, eta nazioarteko ospea lortu zuten: Grammy bat, hiru Musika Sari, Ondas sari bat eta platinozko hiru disko Espainian, eta beste horrenbeste Argentina, Mexiko eta Venezuelan

Beste lan hauek merkaturatu ditu orduz geroztik: "Picasso en mis ojos" (2005), "Dos lágrimas" (2008), "Cigala y tango" (2010) eta "Romance de la luna Tucumana" (2013).

Beste kontzertuak

Emanaldi nagusiez gain, Taldeen Lehiaketako kontzertuak, "Hirugarren Milurtekoa" atala eta jam session-ak ere egongo dira egitarauan. Guztira, 18 kontzertu gozatu ahal izango dituzte zaleek.

Sarrerak

Jazzaldirako sarreren salmenta maiatzaren 5ean, astelehenean, hasiko da, ohiko salmenta-guneetan: Kutxabankeko orotariko kutxazainetan, webgunean, Algortako Kultur Etxean eta 94 491 40 80 telefonoaren bidez.