Itxi

Musika

Kartela osatuta

Donostiako Jazzaldiak Toshiko Akiyoshi pianista sarituko du

Erredakzioa

Gaur osatu du kartela uztailaren 23tik 27ra ospatuko den Jazz jaialdiak; guztira 107 kontzertu izango dira.

  • Iazko arrakasta ikusita, 2015eko edizioari begira dira jada antolatzaileak, 50. edizioa, hain zuzen.

    Iazko arrakasta ikusita, 2015eko edizioari begira dira jada antolatzaileak, 50. edizioa, hain zuzen.

Donostiako 49. Heineken Jazzaldiak gaur iragarri du kontzertuen kartel osoa, eta Toshiko Akiyoshi pianista eta orkestra zuzendariaren ibilbidea sarituko duela jakinarazi du.

Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak zuzendu dute uztailaren 23tik 27ra ospatuko den jaialdiaren aurkezpen ekitaldia.

Guztira 107 kontzertu ospatuko dira hirian barna sakabanatutako 16 agertokitan; horietatik 73 doakoak izango dira. Gainera, antolatzaileak datorren urteari begira hasi dira jada, jaialdiaren 50. urteurrena izango denez, haren historia errepasatu nahi baitute.

49. edizioan, jazz munduko artista esanguratsuak bilduko dira Donostian, esaterako, Chick Corea, Bobby McFerrin, Stanley Clarke, John Scofield eta Dave Holland. Gainera, ikusleek rock eta pop doinuez gozatzeko aukera ere izango dute, Ray Davis, Echo and The Bunnymen eta The Horrorsen eskutik, besteak beste. Guztira, 22 herrialdetako 362 musikari gerturatuko dira Gipuzkoako hiriburura.

Urtero bezala, jaialdiak karteleko artista baten ibilbidea sarituko du. Aurtengoan, Toshiko Akiyoshi pianista eta orkestra zuzendari japoniarrak jasoko du garaikurra uztailaren 25ean, Basque Culinary Centerren eskainiko duen kontzertuan.

Akiyoshi haren taldearekin izan zen Donostian, 1982an, eta Grammy sarietarako bederatzi izendapen lortu ditu interpretatzaile gisa. Jazz talde bat gidatu duen emakume bakarretakoa da Akiyoshi.

Heineken Jazzaldiaren 49. edizioa uztailaren 23an hasiko da, Ray Davis Kinks talde ezaguneko buruak Zurriola hondartzan eskainiko duen kontzertuarekin. Amaiera, aldiz, Dee Dee Bridgewaterren ahotsak emango dio uztailaren 27an, Trinitate plazako agertokian.