Itxi

Musika

Bluesa

Bluesak Getxo hartuko du asteburuan

Erredakzioa

Hilaren 19ra egingo dute jaialdia, Chicagoko soinuak ardatz. Azken egunean, bertako musikari nabarmenetako batzuek joko dute Bizkaiko herrian. Lehenago, gaur, Smokin' Joe Kubek eta Bnois King.

  • Billy Boy Arnold larunbatean egongo da Bizkaiko herrian

    Billy Boy Arnold larunbatean egongo da Bizkaiko herrian

"Chicago Blues: a living history" AEBko hiriko soinuak omentzen dituen hamar laguneko taldea da Getxoko Nazioarteko aurtengo Blues Jaialdiko kartelburua. Hilaren 17tik 19ra egingo dute urteroko topagunea Bizkaiko kostaldeko herrian.

Horiez gain, Smokin' Joe Kubek eta Bnois King gitarrista eta kantariek joko dute, jaialdia zabaltzeko lana Victor Aneiros galiziar "bluesman" beteranoak izan ta gero.

Kontzertu guzti-guztiak Algortan izango dira, Biotz Alai plazan, 21:00etatik aurrera, Getxoko Kultur Etxeak iragarri duenez.

Hilaren 18an, Joe Kubek eta Bnois King gitarrista eta kantarien bikoteak joko du. Texaseko soinuak jazzarekin eta soularekin uztartzen dituzte musikariok.

Smokin' Joe Kubek (1956, Grove City; Pennsylvania) Texaseko soinu elektrikoen erakusgarri garbienetakoa da. Ibilbide luzean, Johnny Winter atzo hil zen musikari mitikoarekin, Stevie Ray Vaughanekin eta Albert Kingekin jo izan du.

Jaialdia ixteko, "Chicago Blues: a living history" ikuskizuna aukeratu dute. Horretan, Chicagoko musikari nabarmenetako batzuek hartzen dute parte, hala nola Billy Boy Arnold eta Billy Branck harmonika-jotzaileek eta John Primer, Lurrie Bell eta Carlos Johnson gitarristek.