Itxi

Musika

Musika jaialdia

Sopela Kosta Fest egingo dute irailean: Zea Mays, Belako, Los Coronas…

Erredakzioa

Smile, Amparo Sanchez, Yellow Big Machine eta beste asko izango dira bizkaitar kostaldeko herrian, irailaren 24tik 28ra, musikari ez ezik naturari eta surfari begiratuko dion jaialdian.

  • Belako taldea irailaren 26an arituko da. Argazkia: Tom Hagen.

    Belako taldea irailaren 26an arituko da. Argazkia: Tom Hagen.

Sopela Kosta Fest jaialdi berria irailaren 24tik 28ra arte ospatuko da Sopelan (Bizkaia), musika osagai nagusietako bat dela, baina natura eta surfa ahaztu gabe. Horrela, kontzertuei dagokienez, Sopelan Zea Mays, Belako, Los Coronas edo Amparo Sanchez eta beste talde eta artista asko egongo dira, Udalak jakinarazi duenez.

Lau egunetan, sopeloztarrek eta bisitariek hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute, bi gune ezberdinetan: Udaletxe plazan eta hondartza inguruan. Kontzertuak udaletxe plazan jarriko den karpan ospatuko dira, eta, zehazki, honako taldeek parte hartuko dute: Zea Mays, Belako, Amparo Sanchez (Amparanoia), Los Coronas, Smile, Yellow Big Machine, Clarisse, Gibelurdinek, The Longboards eta hainbat DJ. Musika eskaintza zabala izango da, publiko eta gustu ezberdinei zuzendua.

Lehenengo kontzertua irailaren 25ean emango dute, eta The Longboards taldea arduratuko da lan horretaz. Emanaldia "Surf Plaza" ekimenaren barruan ospatuko da, eta kontzertuaren ostean hainbat DJ izango dira, surfaren historiarekin harremana duen musika jartzen.

Hurrengo bi egunetan kontzertu nagusiak ospatuko dira. Irailaren 26an, Yellog Big Machine, Zea Mays eta Belako arituko dira, eta, hilaren 27an, Smile, Los Coronas, Amparo Sanchez eta Clarisse. Azkenik, irailaren 28an, Gibelurdinek taldea arituko da, bertso saio oso berezi baten ostean.