Musika
Sarrerak, salgai
Crystal Fightersek Iruñean joko du, irailaren 19an
Erredakzioa
Sarreren prezioa 35 eta 25 euro artekoa izango da, eta salgai daude dagoeneko, jauregiaren webgunean. Areto Nagusian joko du bere soinuari euskal doinuen eragina gehitu dion talde ingelesak.
Baluartek Crystal Fighters taldea, azkenaldian, Bilbao BBK Live jaialdian ikusi ahal izan zen bezala, gurean arrakasta handia hartu duen ingeles taldea, aukeratu du udako programazioa ixteko. Kontzertua irailaren 19an izango da, Areto Nagusian, 21:00etan hasita. Sarrerak Baluarteren webgunean eros daitezke, 35, 30 eta 25 euroan. Abuztuaren 11tik aurrera, Baluarteko txarteldegian ere erosi ahalko dira.
Crystal Fightersek duela hiru urte atera zuen lehen diskoa, “Star of love”, aurretik, “Xtatic Truth” eta “I love London” single-en bidez Interneten ospe dezente lortu eta gero. Hurrengo mailara “Cave Rave” bigarren diskoak eraman zituen; gainera, euskal doinuak argiago igar daitezke bigarren lan horretan. Taldekide batzuen arbasoak euskal herritarrak dira, eta, horregatik, gitarra eta sintetizadore artean txalaparta, txistuak eta beste sartzen dituzte musikariok.
Chrystal Fightersek zuzeneko alai eta bizietan taularatzen du bere genero aniztasuna. Sebastian Pringle (ahots nagusia eta gitarra), Gilbert (sintetizadoreak, gitarra, txalaparta, perkusioa), Graham (gitarra eta txalaparta) eta Laure eta Mimi (ahotsak) dira taldekideak.