Musika
Hamabostaldi Ibiltaria
Musika Hamabostaldia, Orion, Irunen eta Leireko monasterioan
Erredakzioa
Jaialdia asteazkenean Oriora eta larunbatean Irunera eta Leireko monasteriora helduko da. Josu Okiñena pianista, Miren Urbieta pianista eta Facundo Muñoz tenorea arituko dira.
-
Miren Urbieta larunbatean arituko da, Leireko monasterioan.
Donostiako Musika Hamabostaldiak egitarau oparoa du hurrengo egunetarako. Hamabostaldi Ibiltaria programak bultzatuta, Orio eta Irun Gipuzkoako herrietara eta Leireko monasteriora, Nafarroara, helduko da.
Lehen hitzordua asteazkenerako dago jarrita, eta 20:30etan abiatuko da, San Nikolas Orioko elizan. Josu Okñena pianistak Aita Donostia konposatzailearen lanak joko ditu.
Errezitaldian, “Euskal preludioak” 1913ko lan mardularen aukeraketa ba egingo du Okiñenak, eta Angel Illarramendiren konposizio bat ere joko du. Bigarren zatian, Aita Donostiarengandik gertu egon ziren hainbat egileren lanak joko ditu, hala nola Maurice Ravelenak eta Erik Satierenak.
Larunbateko eskaintza Leireko monasterioan hasiko da, 19:45ean. Miren Urbieta sopranoak, Jose Ignazio Ansorena txistulariak eta Koro Saenz organo-jotzaileak jarriko dute musika bertan, Aita Donostia, Garbizu eta beste euskal egile batzuen eta Widor eta nazioarteko beste batzuen lanak interpretatuz.
Geroago, 22:00etan Ficoba Irungo espazioan, Hamabostaldi Ibiltariak Luis Mariano tenorearen jaiotzaren mendeurrenarekin bat egingo du. “De Irun al Mundo” opereta taularatuko dute, Irungo Udalak antolatuta, Luis Mariano orkestrak, Irungo hiriko musika bandak, Ametsa abesbatzak eta Facundo Muñoz tenoreak. Jose Antonio Irastorza izango da zuzendari.