Itxi

Musika

EOS

EOSek bi kontzertu emango ditu Venezian aste honetan

Erredakzioa

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Veneziako Bienaleko Musika Garaikidearen Jaialdian arituko da ostegun eta ostiralean, munduko musika topaldi garrantzitsuenetako batean.

EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak euskal doinuak zabalduko ditu nazioartera egingo duen hurrengo bidaian: Veneziako Bienaleko Musika Garaikidearen 58. Jaialdira helduko da orkestra aste honetan, ostegun eta ostiralean, Alle Tese antzokian bi kontzertu ezberdin emateko.

Lehen emanaldiko solistak Asier Polo eta Shizuyo Oka izango dira, eta "euskal kutsu handiko hiru lan" aurkeztuko dituzte: “Ortzi isilak klarinete eta orkestrarentzat” (Ramon Lazkano), “Oceano” (Gabriel Erkoreka) eta “Frondos Misterio” (Luis de Pablo). Jose Ramon Encinar bi emanaldietan orkestra gidatuko duen zuzendariak kontzertuan bertan aretoan izango diren hiru egileen balioa goraipatu du.

Venezian egingo duten bigarren kontzertuan, EOSek Tesala proiekturako eskatu zituen zortzi lanak joko dituzte. Orkestraren 30. urteurrena zela eta, 2012an nazioarteko zortzi sortzaileri Euskal Herrira begira musika lan bana idazteko eskatu zieten orduan.