Itxi

Musika

'Penitent man' aurkeztu dute

Dead Bronco, country doinuak Getxotik: 'Oso itxura ona du etorkizunak'

Natxo Velez | eitb.eus

Matt Horan estatubatuarra buru, bi urtean Getxoko kaleetatik Europa osoko agertokietara eraman du Dead Broncok bere “broncobilly”a. BBCren lausenguak entzun eta gero, bigarren diskoa aurkeztuko dute.

Getxok eta country musikak ez dute, itxuraz, lotura zuzenik. Doinu horiek beste toki batzuetara eramaten dituzte gure pentsamenduak: AEBko Hegoaldeko paisaia oparoetara, Algortako Portu Zaharrera edo Erromoko etxe multzoetara baino gehiago.

Nolanahi den, Dead Broncok bi urte daramatza aurreiritzi horiek apurtzen. Matt Horanek Bizkaiko kostaldeko herriko kaleetan ezagutu zituen musikari adiskideekin sortu zuen taldea terrazak garagardoaren truke country doinuz alaitzetik Europan zehar kontzertuak ematera eta BBCren hitz goxoak entzutera pasatu da. “Munduko talde berri azpimarragarrienetako bat” zela esan zuen britainiar kateak.

Ostiralean, hilak 24, “broncobilly”ak, Hank Williams III.aren oinordekotza eta, halaber, folk oihartzunak edo punkaren abiadura nahasten dituen soinu berezkoak, Kafe Antzokiko agertokia hartuko du, Penitent man talde honen bigarren diskoak zabalduko duen bidearen lehen geltokian, grabatu berri duten lanaren aurkezpenean. 22:00etatik aurrera izango da, eta Mooshine Wagon gasteiztarrak eta DJ Nash izango dituzte lagun.

2013ko maiatzean, In hell zuen lehen diskoa aurkeztu zenutenean, Kafe Antzokia hankaz gora jarri eta gero, urriaren 24an Bilboko aretora itzuliko zarete. Zer bide egin du taldeak denbora honetan?

Gauza asko pasatu zaizkigu, gero eta jaialdi garrantzitsuagoetan jo dugu eta Europatik deitzen digute orain jotzeko, Beneluxetik mugitzen gaituen agentzia ere badugu orain… Teknikoki, hobekuntza handia nabaritu dugu: dagoeneko 150 kontzertu baino gehiago eman ditugu batera, eta igartzen da, zailduago gaude. Penitent man gure bigarren diskoa ere grabatu dugu, eta Kafe Antzokian aurkeztuko dugu, urriaren 24an.

Dead Bronco: "Penitent Man" (official trailer 2014)

Zelan sortu zenuten taldea? Istorio bitxia duzue atzetik.

Taldekideok Getxoko kaleetan jotzen ezagutu genuen elkar. Bertsioak egiten genituen, tabernetan eta terrazetan, garagardoaren truke, jendeak gure proposamena gustura hartzen zuela konturatu ginen arte. Serioago hartu genuen harrezkero, eta Dead Bronco sortu genuen.

Zelan heltzen dira AEBko Hegoaldeko haize horiek Bizkaiko kostaldera?

Ni (Matt) Floridakoa naiz, baina besteoi ere barru-barrutik ateratzen zaiela uste dut.

Gurean, badago eszenarik zuena bezalako taldeentzat?

Dudarik gabe, kontu hau guztia izugarri hazten ari da… Asko igartzen dugu, sustraiko musika asko dago, eta eskaintza nahikoa… Honelako jaialdi asko sortzen hasi dira.

Saul Santolaria ekoizlearengana jo duzue bigarren disko honetan ere. Bigarren diskoa izanda, taldea osatuago eta batuago egonda, bestelakoa izan da konposatzeko prozesua?

Saul estralurtarra da, baina bertokoa ematen du honezkero, eta hizketaldi eta motibazio saio onak ematen dizkigu, guk oharkabean barruan geneuzkan gauzak ateratzea lor dezagun. Prozesua aurreko diskokoa bezalakoa izan da: zuzenean grabatu dugu, denok batera, eta gehien gustatu zaiguna aukeratu dugu. Horrela dinamikoago eta naturalago da.

Egia da denok orekatuago gaudela (burutik ez, musika aldetik), eta jotzen dugunean igarri egiten da. Oraingoan indartsuago gelditu zaigu diskoa, grinatsuagoa. Gainera, kontzertuak ere kontuan edukitzen ditugu oso, eta garrantzitsuena guk gustukoa izatea eta gozatzea da.

Iaz, BBC britainiar kateak goraipatu egin zintuzten, “egungo talde azpimarragarrienetako bat” zinetela esan zuen, “False Hearted Lover’s Blues” kantuaren bideoklipa ikusi eta gero. Eraginik izan al du horrek zuentzat?

Klipa Getxon grabatu genuen, Iron adiskidearen baratzean. Estetika bertan zegoenez aurretik, oso erraza izan zen. Ez genuen ezer egin behar izan: euskal redneck-a goitik behera.

BBCrena ez genuen espero, eta ate asko zabaldu dizkigu, egia esan. Han agertu eta gero, Espainiatik kanpo jotzeko deitu digute hainbat aldiz, eta lagun onak egin ditugu. Oso itxura ona du etorkizunak.

“Country” etiketa da zuen musikarako egokiena, baina beste eragin batzuk ere nabari dira zuen abestietan: rocka, bluesa, folka… Zer entzuten duzue? Zer doinuk eman dizue arreta azkenaldian?

Eragin asko ditugu (folka, punka, bluesa, swinga…), baina countrya da agian nabarmenena. Taldeko kide bakoitzak eragin ezberdinak dauzka, eta hori asko igartzen da azken emaitzan. Guk “broncobillya” egiten dugula esaten dugu.

Zer eskainiko duzue ostiral gauean Kafe Antzokian? Zer aurkituko du Dead Broncoren kontzertu batera joaten dena?

Egiari zor, Antzokian jotzea jai handia izaten da beti: lagun guztiak etortzen dira, senideak, neska-lagun ohiak, oiloak… lagunartean egoten gara. Gainera, Moonshine Wagoneko adiskideak eta DJ Nash ere egongo dira bertan… Bronka ederra egongo da.

Zer asmo dituzue hurrengo hilabeteetarako?

Datorren hilean, Espainiako bira hasiko dugu, martxora arte, eta apirilean-edo Europara joango gara. Jo egin behar da!