Musika
Azaroak 6 eta 7
Kurt Elling kantariak eta BOSek itxiko dute 365 Jazz Bilbao zikloa
Erredakzioa
Denboraldi honetako 365 Jazz Bilbao zikloa bukatzeko bi kontzertu eskainiko dituzte Euskalduna Jauregian, azaroaren 6an eta 7an, 19:30ean.
-
Kurt Elling kantaria, duela gutxi emandako kontzertu batean.
Kurt Elling abeslariak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) bi kontzertu eskainiko dituzte denboraldi honetako 365 Jazz Bilbao zikloa amaitzeko. Euskalduna Jauregian izango dira kontzertuok, azaroaren 6an eta 7an, 19:30ean.
Orkestra bilbotarra zuzentzeko arduraduna Nabil Shehata kuwaitarra izango da, eta Paul Simon, Duke Ellington, Eden Ahbez eta Betty Carter artisten lanak interpretatuko dituzte, besteak beste, Bilbao 700 Fundazioak, zikloaren antolatzaileak, jakinarazi duenez.
Kritikari ugariren ustez, une honetako jazz abeslaririk garrantzitsuena da Kurt Elling. Bere baritono ahotsak lau oktaba hartzen ditu eta teknika harrigarria erakusten du emanaldietan eta inprobisazioetan. Nagusitasun tekniko handia dauka maila erritmikoan, tinbrikoan, dinamikoan eta fraseatzean, eta hurbilago dago instrumentista birtuosoaren eredutik ohiko abeslariaren eredutik baino.
Bilbao Orkestra Sinfonikoak 1922ko martxoaren 8an eman zuen bere lehen kontzertua, Arriaga Antzokian, Armand Marsicken zuzendaritzapean. Ordutik, zuzendari titular garrantzitsuak izan ditu, hala nola Armand Marsick, Vladimir Golschmann, Jesus Arambarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcántara eta Juanjo Mena. 2008ko uztailetik Günter Neuhold da orkestraren zuzendari titular eta artistikoa.