Itxi

Musika

Disko berria eta bira

Fitoren kontzertu-bira larunbatean helduko da Barakaldora

L.Z. | eitb.eus

BEC! erakustazokan izango da abeslari bilbotarra 'Huyendo conmigo de mi' diskoa aurkezten.

Fito & Fitipaldis bueltan da. Disko berria esku artean dute aspaldi, eta azaroan ekin zieten zuzenekoei. Huyendo conmigo de mí lan berria hilabete lehenago iritsi zen. Taldearen estudioko seigarren proiektua da hau.

Birari dagokionez, Santanderren izan zuen Fito Cabralesek birako aurreneko emanaldia. Azaroaren 15ean itzuliko zen agertokietara, eta Santanderren aritu ostean, Granadan, Jerezen, Valladoliden, Salamancan, Gijonen, Santiagon eta Zaragozan izan ditu hitzorduak.

Euskal Herrian, berriz, larunbat honetan ikusiko dugu. Barakaldoko BEC! erakustazokan aurkeztuko ditu kantu berriak, eta urtea bukatu aurretik, Valentzia, Bartzelona eta Madril ere zapalduko ditu.

Oraingoan ere, Warner diskoetxearekin atera du diskoa Fito & Fitipaldisek, eta 10 abesti berri jaso ditu. Carlos Rayak egin ditu ekoizpen lanak, eta Joe Blaneyren esku geratu dira nahasketak.

Iazko otsailean kaleratu zuen Fitok En directo desde el Teatro Arriaga lana, eta duela bost urte, Antes que cuente diez.

Kontzertu bira

"Huyendo conmigo de mí" birarekin, pabiloietara eta edukiera handiko antzokietara itzuli dira, eta kontzertu guztietan Los Zigarros taldea izan dute gonbidatu.

Sarrerak

Barakaldoko BEC! erakustazokan abenduaren 13an eskainiko duen zuzenekorako sarrerak agortuta daude.