Itxi

Musika

Bilbao

Monserrat Caballe, Dulce Pontes eta Schumann, Arriagan entzungai

Erredakzioa

2015ko lehen hiruhilekoan, Arriaga Antzokiak musikaren aldeko apustu handia egin du; hala, fadoa, musika klasikoa eta kantautoreen musika berezia nahasi egingo dira luxuzko artista zerrenda batean.

Monserrat Caballe soprano katalana, Dulce Pontes abeslari portugaldarra eta Jorge Drexler eta Ismael Serrano kantautoreak Bilboko Arriaga Antzokoak 2015ko lehenengo hiruhilekoan hartuko dituen musikarietako batzuk dira.

Monserrat Caballek kontzertua emango du datorren asteartean, urtarrilak 13, Mostserrat Marti bere alaba eta sopranoarekin batera, Ricardo Estrada piano-jotzaile handiarekin batera.

Era berean, Dulce Pontes Portugalgo abeslaria otsailaren 4an izango da Arriagan, eta ‘Puertos de Abrigo’ plazaratutako azken diskoaren hainbat abesti entzun ahal izango dira.

Martxora salto eginda, hilaren 12an Jorge Drexler kantautorearen txanda izango da, eta abagunea ‘Bailar en la cueva’ azken lana aurkezteko erabiliko du. Bogotan eta Madrilen grabatutako diskoa da, eta erritmo biziagoko musika sortu badu ere, Jorge Drexlerren estilo “adierazgarria” mantentzen du.

Halaber, 23an, beti ere martxoan, Ismael Serranok ‘La llamada’ izeneko diskoa ekarriko du denon gozagarri. Lana osatzen duten 13 abestietan “borrokak ospakizun izaera hartu du, desamodioa musikaren erritmoarekin sendatzen da, etxetik kaleratutakoaren borroka irudikatzen da eta gorrotoa konjuratu egiten da enparantzak eta bulebarrak apirilez janzten dira. Etsipen gehiagorik ez: burua altxatzeko ordua da”, esan dute Arriagatik.

Aurretik aipatutakoez gain, urtarrila eta martxoa artean, Arriagan, Jabier Muguruza ere izango da (21ean) ‘Beste hogei’ lanaren aurkezpena egiteko, Mikel Azpirozen pianoaren soinuarekin girotuta.

Urtarrilaren 27an, Kissar Quartet laukote bilbotarrak kontzertua emango du W.A. Mozart eta J.C. Arriagaren omenez, haien urteurrena dela eta (urtarrilaren 27an).

Azkenik, Clara Schumannen (Leipzig 1819) musikak Arriaga beteko du. Schumman piano-jotzaile ospetsua izan zen baina, nahiz eta Robert Schumann bere senarraren babesa jaso zuen, zailtasun handiak izan zituen Alemaniak emakume sortzaileak onartzen ez zituen garaian, Arriagatik gogorarazi dutenez.