Itxi

Musika

Heriotza

Sergio Blanco musikari bilbotarra hil da, Mocedadeseko kidea

Erredakzioa

66 urterekin hil da. Familiak hala eskatuta, ez dira ezagutzera emango hil-kaperari eta musikaria lurperatuko duten tokiari buruzko informazioa.

0:00

Sergio Blanco abeslari bilbotarra hil da (66 urte) gaur Madrilgo San Camilo ospitalean, gaixotasun luze baten ondorioz, Allende Blanco musikariaren alabak berri eman dutenez. Mocedades eta El Consorcio musika taldeetako kidea izan zen eta, Estibaliz Uranga emaztearekin batera, Sergio eta Estibaliz bikote musikala osatu zuen.

Familiak hala eskatuta, ez da ezagutzera emango hil-kaperari eta musikaria lurperatuko duten tokiari buruzko informazioa.

Biografia

Sergio Blanco 1948ko azaroaren 17an jaio zen Bilbon. Aeronautikako ingeniari ikasketak egiten hasi zen, baina Industria Ingeniaritza Teknikoan lizentziatu zen.

1968an hasi zen abesten Estibaliz Urangarekin Voces y guitarras taldearen baitan, Mocedades taldearen aurrekari izan zena. Mocedades taldearekin hiru disko grabatu zituen, horien artean, Buscame. Halaber, hainbat abesti idatzi zituen, besteak beste, "Yesterday was a happy day".

1972. urtean Sergiok eta Estibalizek taldea utzi zuten eta bikote gisa beren ibilbidea hasi zuten 1973ko azaroan, Sergio eta Estibaliz izenarekin. 1975eko martxoan Espainia ordezkatu zuten Eurovision lehiaketan "Tu volveras" abestiarekin eta hamargarren tokian sailkatu ziren. Hilabete batzuk geroago, abenduaren 9an, Sergio Blanco eta Estibaliz Uranga ezkondu egin ziren Bilbon.

1984. urtean agerpen laburra egin zuten Mocedades taldearen 15. urteurreneko musika kontzertuan, hiru kantu abestuz.

De par en par (1989) eta Planeta tierra (1992) diskoek izandako harrera epelaren ondotik, Sergio eta Estibaliz bikote musikalak bere ibilbideari amaiera eman zion. Geroago, Sergio Blancok, Estibaliz, Amaya eta Iñaki Uranga anai-arrebek eta Carlos Zubiagak El Consorcio taldea sortu zuten eta guztira, zazpi disko grabatu zituzten, azkena, 2008an argitaratutako Querido Juan.