Itxi

Musika

Kontzertua

Spandau Ballet taldea Bilbon arituko da ekainaren 19an

Erredakzioa

Britainiar taldeak 25 milioi disko baino gehiago saldu ditu 70eko hamarkadan hasi zenetik. Bi hamarkadaz banatuta egon eta gero, 2009an batu zen taldea, eta birari ekingo diote lehenengoz.

Spandau Ballet, inoizko britainiar talde arrakastatsuenetako bat, Bilbon egongo da, Euskalduna Jauregiko agertokian, ekainaren 19an.

“Soulboys of the Western World” Ingalaterran dirua ugari bildu duen filmaren kariaz ekingo dio birari 80ko hamarkadan batik bat “True” kantari esker arrakasta bitsetan ibilitako taldeak. Izan ere, film horretan taldearen historia kontatzen da, eta jende askok ikusi du.

“Soulboys of the Western World” irailean estreinatu zuten, eta, ekitaldi horretarako, batera azkenekoz 2010ean aritutako taldea berriz elkartu zen, belaunaldi oso batentzat soinu banda diren kantu ezagunetako batzuk jotzeko.

Horrekin batera, “The Story, The Very Best of Spandau Ballet” diskoa kaleratu zuten: kanturik arrakastatsuenak eta hiru kantu berri, Trevor Horn ekoizleak ekoitzita.

Spandau Ballet Britainia Handiko talde ezagunenetakoa da. 25 milioi disko baino gehiago saldu dituzte bere ibilbidean, 70eko hamarkadan lau lagunek sortu zutenetik. Handik gutxira, Blitz Club eszenaren ordezkari nagusietako bat bilakatu zen taldea, eta, geroago, 80ko hamarkadako supertalde horietako bat.

Sarrerak otsailaren 27an jarriko dituzte salgai, 50 eta 80 euro arteko prezioan.