Itxi

Musika

Ostiralean, Kafe Antzokian

Fink hirukote britainiarrak Bilbon joko du, jarraitzaileen ekimenez

Natxo Velez | eitb.eus

Cooncert bartzelonar enpresak jarraitzaileek Interneten eskatutako kontzertuak antolatzen ditu; estreinakoz da Euskal Herrian, eta Fink hirukote britainiarra Kafe Antzokira eramango du ostiralean.

  • Fink martxoaren 13an, ostiralarekin, egongo da Kafe Antzokian. Argazkia: Grooveman.

    Fink martxoaren 13an, ostiralarekin, egongo da Kafe Antzokian. Argazkia: Grooveman.

Denok pentsatu eta ausartenok esan ere egin dugu barruak astindu dizkigun talde ezezagun horrek, nahiz eta publiko orokorrari oharkabean pasatu zaion guk horrenbeste maite dugun musikari abil horrek, gure hirian joz gero aretoak lepo beteko lituzkeela eta norbaitek kontzertua antola beharko lukeela; ulergaitza zaigu inork ez egitea guri mundu ikuskera aldatu digun uzbekistandar musikari harrigarri horren aldeko apusturik, berbarako… Debalde da hitz egitea –hori bai, oraingoz gutxienez-, baina, gure dirua jokoan jarri behar ez dugunean.

Cooncerts Bartzelonako lau lagunek kontzertuak antolatzeko duela urtebete osatutako enpresak erronka horri aurre egin nahi dio, eta Estatuan oraindik jo ez duten edo bertan oraindik tokia egin ez duten musika proposamenen kontzertuak antolatzen ditu. Orain arte, Bartzelonan eta Madrilen lan egin dute batik bat, baina ostiral honetan, martxoaren 13an, Euskal Herriko lehen kontzertua egingo dute, Bilbon, Kafe Antzokian. Fink hirukotek britainiarrak joko du bertan.

Pau Corbalan Cooncertseko buruak Bartzelonatik azaldu digunez, antolatzen dituzten kontzertuen lehen urratsa jarraitzaile baten eskaera izaten da: “Jendeak gure webgunean izena ematen du eta kontzertu bat proposatzen du bere hirian; ekonomikoki bideragarria izanez gero eta artistaren ezaugarriak gure parametroei egokituz gero (artista minoritarioa izan behar da, horrelako elkarlana behar duena…), webgunean botoa emateko garaia abiatzen da, guk kontzertura zenbat jende etor litekeen jakin eta, horrela, arriskuak  murrizte aldera.

Enpresaren asmoa argia da: artista minoritarioen kontzertuak antolatzeko orduan arrisku handiegirik ez hartzea, eta, hartara, kontzertu jakin bat webgunean babestu duen gutxiengo jende kopurura heldutakoan soilik hasten dira artistekin negoziatzen. Nolanahi ere, “kontzertuaren aldeko botoa ematen dutenek edo kontzertua proposatzen dutenek ez dute inolako konpromisorik hartzen; kalkulua egiteko besterik ez dugu erabiltzen haien ekimena”, azaldu digu Corbalanek Bartzelonatik.

Eredua arrakastatsua izan da Brasilen, eta Queremos! bertako enpresak Mogwai, Lana del Rey eta beste artista batzuk eraman ditu Hego Amerikako herrialdera jardunbide horren bitartez. Pau Corbalanen iritziz, jarraitzaileek “artista piloa ezagutzen dute horrela, eta kontzertua ere gertuagotik bizitzen dute”.

Halaber, artistak hala baimentzen duenean, kontzertuaren aldeko botoa ematen duten horiek sariak jasotzen dituzte, hala nola beherapenak edo artistek sinatutako materiala. Ekitaldia proposatzen duenak, berriz, barrutik bizi ahal izaten du kontzertua: soinu probak ikusi…

Fink

Fink Fin Greenall musikari britainiarraren gaitzizena da. Halako batean, musika elektronikoa baztertu eta, gitarra akustikoa eskuan, gustu handiz egindako pop-rock melodiko ilunera lerratu zen Fink hirukotea sortzeko, Tim Thornton eta Guy Whittaker alde banatan dituela.

Bere proiektuan ez ezik, beste hainbat musikarirekin ere aritu da Fink, John Legendekin eta Amy Whinehouserekin adibidez, eta martxoaren 13an Bilboko Kafe Antzokiko agertokia zapalduko du, jarraitzaileek bultzatuta, “Hard Believer” (2014) seigarren diskoa aurkezteko. Haren aurretik, Douglas Darek joko du.