Itxi

Musika

Saxofonista beteranoa

Benny Golsonek jasoko du Donostiako Jazzaldiko saria

Agentziak | Erredakzioa

Gainera, San Telmo Museoan musika jaialdiaren ibilbidea argazkien bidez laburtzen duen erakusketa bat jarri dute ikusgai abuztuaren 16ra arte.

  • Benny Golson

    Benny Golson

Benny Golson saxofoi-jotzaile beteranoak jasoko du Donostiako 50. Heineken Jazzaldiko saria. Uztailaren 22tik 26ra garatuko da musika topagunea, eta, besteak beste, Jamie Cullum, Gregory Porter, Earth, Wind & fire eta Joshua Redman arituko dira hiriko agertokietan.

Miguel Martin bilgunearen zuzendariak gaur goizeko aurkezpenean esan duenez, gainera, San Telmo Museoak “Round Midnight. 50 Jazzaldia” erakusketa hartuko du abuztuaren 16ra arte. Sarrera doakoa da, eta bisitariek Jazzaldiaren historiaren laburpena topatuko dute bertan, argazkietan islatuta.

Martinek, gainera, Jazzaldiak eman ohi duen saria aurten Benny Golsonek jasoko duela esan die kazetariei; artistak uztailaren 24an joko du Donostian, Kursaaleko auditoriumean.

Sarrerak

Sarrerak saltzeko ohiko erritmoa “hirukoiztu” egin dela ere esan du zuzendariak, eta, ondorioz, “publiko multzo handiak” espero dituztela adierazi du. Aurtengo Jazzaldian Jamie Cullum, Gregory Porter, Melody Gardot, Joshua Redman, John Zorn eta beste asko izango direla ekarri du gogora, solasaldia bukatzeko.

Eneko Goia hiriko alkateak, bestalde, 50 urtean jaialdiak “aldaketa oso positiboak” izan dituela eta hirian ezinbestekoa dela esan du.