Itxi

Musika

Jaialdia, urrian

Donostiklubak Delorean eta Nach gonbidatu ditu 10. urtebetetzera

Agentziak | Erredakzioa

Urriaren 1ean atariko jai bat izango da iragarri gabeko taldeen eskutik, hilaren 2an hip hopa izango da protagonista eta biharamunean Delorean, Crocodiles eta Delorentos taldeek joko dute.

  • Deloreanek urriaren 3an joko du, Gasteszenan

    Deloreanek urriaren 3an joko du, Gasteszenan

Delorean talde zarauztarra, Nach rap kantaria, Crocodiles estatubatuarrak, Delorentos irlandarrak eta Gallinero All Stars donostiarrak izango dira Donostikluba Musika Elektronikoaren eta Klubeko Musikaren Donostiako Nazioarteko Jaialdiaren arretagune garrantzitsuenetako batzuk, hamargarren ekitaldian.

Antolatzaileek ohar batean aurreratu dutenez, jaialdia urriaren 1ean hasiko da. Egun horretan, aurretiaz iragarri gabeko hainbat kontzertu emango dituzte Tabakalera zentroan eta Le Bukowski tabernan.

Biharamunean, hip hop gaua egingo dute Gasteszenan: Nach rap kantaria eta Gallinero All Stars talde donostiarra arituko dira. Urriaren 3an, Deloreanek, Crocodilesek eta Delorentosek joko dute areto horretan bertan.

Horiez gain, beste talde hauek ere jardungo dira egun horretan: Dual Spli, Cuello, Layabouts, Zebras, Ventura, Eraul, Pumuky eta Indigo&Izaro.

Oraingoan, gainera, musikak ez ezik beste adierazpide batzuek ere izango dute beren tokia, hala nola Donostiklubari buruzko argazki erakusketa eta bideo proiekzioa, arte-diseinatzaileen erakusketa saioak, bigarren eskuko produktuen azoka...

Gainera, jaialdia ospatutakoan ere, urtean zehar, beste emanaldi batzuk programatuko ditu Donostiklubak: Steve Wyn, L.A., Pelax, Girls, Guns&Glory, Alela Diane, Isasa, Black Yaya eta Patta eta beste arituko dira hiriko hainbat lokaletan.