Itxi

Musika

Heriotza

Lemmy: beste inork baino ozenago beste inor baino benetakoago

Natxo Velez | eitb.eus

Motorheadeko lider betierekoa, galtzeko jaio eta irabazteko bizi zen musikaria, gaur hil da, 70 urte zituela. Minbiziak eraman du beste inork baino azkarrago jotzeko Ingalaterran sortutako rockerra.

Rock-and-rollaren irudia cowboyen kapela bat da, bizar bat, ezker masaileko garatxo bat eta bolumenaren botoia ezin ozenago jarrita duen Marshall anplifikagailu bati konektatutako Rickenbacker baxu bat. Rock-and-rollaren irudia Lemmy Kilmister da.

The Beatlesen musikarekin zoratuta bizi izan zen Kilmister (Stoke-on-Trent, Ingalaterra, 1945 – Los Angeles, AEB, 2015), 16 urte zituela The Cavernen ikusi zituenetik -inoizko talderik onentzat zuen Liverpooleko laukotea-, eta, Motorheaden buru jaialdi nagusietako kartelen goialdetik baino lehenago, beste toki askotatik ikusi zuen rockaren zirkua: Jimi Hendrixen taldearen laguntzaile ere jardun zen Lemmy, Seattleko gitarristak Ingalaterran eginiko kontzertuetan.

Gero, fokuek argituta, lehenik Hawkind taldean, eta, geroago, 1975etik aurrera Motorhead hirukotearekin (Hawkinderako egin zuen azken kantutik hartu zuen amaierara arte itzalaren gisan uztartuta izan duen taldearen izena), benetakotasunaren aldarrian aritu da, hil baino 18 egun lehenagora arte, mundu zabaleko agertokietan.

Bidean, “Ace of spades”, “Overkill”, “Iron fist”, “No class”, “Bomber”… hamaika altxor utzi ditu hirukoteak.

Azkenaldian, hainbat osasun txakalaldi izan ditu Lemmyk, eta zenbait kontzertu bertan behera utzi behar izan dituzte, baina, beti hor egon denez, rocka bezain zaharra denez, irrazionalki, beti aldean izango den horietakotzat zuten rockzaleek; gaur arte beti itzultzen zen Lemmy, bizpahiru urtean behin, zuzeneko indartsua ematen edo disko bat argitaratzen.

Modak joan eta etortzen dira, direla nu metala, rap metala, thrasha… Horiek guztiak iragan egin dira, baina, gaur arte, Lemmy beti egon da hor, osotasunaren ispilu, rockaren ikur, Jack Daniels botilari eta Marlboro zigarretari itsatsita (hori besterik ez omen zuen eskatzen kamerinoetan; utikan izurrezko xukadera zuri eta fruita-ur bitaminadunak, hau rock-and-rolla da!).

Gaurtik aurrera, bere kantuak geldituko dira, guretzat utzitako ondarea. Beste inork baino ozenago, beste inork baino azkarrago eta beste inork baino zakarrago jotako ereserkiak.

Agur, Lemmy, galtzeko jaio baina irabazteko bizi izan zara!