Itxi

Musika

Kontzertua

McEnroe: 'Etxean berriz jotzeko irrikaz gaude'

Natxo Velez | eitb.eus

McEnroe getxoztar taldea Bilbora itzuliko da larunbatean, hilak 20, Fever aretoan “Rugen las flores” bere bosgarren diskoa zaleen aurrean aurkeztera.

McEnroe Getxon 2002an sortutako taldeak Bilboko Fever aretoan, etxeko zaleen aurrean, joko du larunbat honetan, hilak 20, Rugen las flores (Subterfuge, 2015) disko berria aurkezteko bira arrakastatsuari dagokion emanaldian.

Bosgarren lan honek kritikaren onespen zabala (2015eko disko onenen zerrenda askotan ageri da makina bat hedabidetan) eta publikoaren bultzada harrigarria ekarri dizkio taldeari: Madrilen, berbarako, birritan bete dute 1.000 pertsona hartzen dituen areto bat. Oraingoan, Boluetako dantzalekuan bildutakoak limurtzen saiatuko dira, berezkoak dituzten doinu baratz eta malenkoniatsuen bidez.

Ricardo Lezon abeslari eta konposatzaile nagusiarekin hitz egin dugu, elkarrizketa honetan.

Diskoak bidea egin du dagoeneko, eta bira honetako kontzertu batzuetan sarrera guztiak saldu dituzue. Zer aurkituko du publikoak larunbatean Feverren? Etxean jotzea berezia ote da zuentzat?

Gure disko guztietako kantuen errepasoa egingo dugu, nahiz eta kontzertuaren oinarria Rugen las flores izango den.

Etxean talde osoko formatuan jotzeko gogo handia dugu. Formatu txikiagoko kontzertuak egin ditugu, eta denok elkarrekin egon nahi genuen berriro.

Zuen eskaintzaren ezaugarri nagusietako bat kantuetako hitz pertsonal eta landuak dira. Nola konposatzen duzue? Musika edo hitzak hartzen dituzue abiapuntu?

Kantuen sorburua gitarra eta ahotsa izan ohi dira. Oro har, melodia bat eta esaldi solteren bat ateratzen da, eta horri harilkatzen diogu hizpide hartu nahi dugun istorio edo pentsamendua.

Jarraian, ideia hori lokalera eramaten dugu, eta forma ematen diogu. Ez diegu gauzei buelta larregirik ematen, lehen bulkadari segitzea gustatzen zaigu.

Zuk, Ricardo (Lezon, abeslari eta konposatzailea), Extraña forma de vivir poema liburua argitaratu duzu. Zeren arabera erabakitzen duzu, paper zuriaren aurrean zaudela, zein testu jantziko duzun musikaz eta zein ez? Zer behar izaten du testu batek kantu bihurtu ahal izateko?

Kantuen testuak melodiekin batera sortzen dira: doinuek lagunduta joango direla jakiten dut, baita melodia horiek berekin konponketak eta agertzen joango diren giroak behar dituztela ere.

Poema sorta idazteko eseri nintzenean, oso agerian izan nuen zer idatzi nahi nuen eta hori beste gauza bat zela.

Lotsa handiagoa ematen du hitzak biluzik aurkezteak, eta horregatik sortu zen esperientzia Estibaliz Hernandez de Miguelekin partekatzeko ideia; laguna ez ezik, ilustratzaile galanta da, gainera.

Poesia idaztea intimoagoa, gordinagoa eta zailagoa da.

Getxon sortu zineten, baina toki ezberdinetan bizi zarete egun, eta horrek eragina izango du, noski, taldearen funtzionamenduan. Nola antolatzen duzue taldearen jarduna?

Desabantaila nagusia elkar nahi beste ikusi ezin dugula da. Taldekideak baino lehenago, lagunak gara, eta elkarrekin denbora gehiago pasatu nahiko genuke, entsegu gehiago egin eta daukagun honetaz gehiago gozatu.

Aitzitik, elkarrekin gaudenean asko gozatzen dugu, eta ahalik eta atarramentu handiena ateratzen diogu tarte horri. 13 urte daramatzagu elkarrekin, eta ez dago inolako errutina edo neke sentsaziorik; hasierako ilusio eta gogo maila berari eusten diogu.

Taldeak ibilbide luzea egin du jada, eta zuzeneko musikak ez du inoizko bolada onena bizi, inondik ere: BEZ altua, areto asko itxi dituzte… Zer aldaketa antzeman dizkiozue eszenari 2002an hasi zinetenetik?

Igarri ditugun aldaketa guztiak positiboak izan dira: guretzat egiten ditugu kantuak, eta pribilegioa da jende gehiagorengana heldu ahal izatea, hain toki ezberdinetan jotzea eta jende berria ezagutzea.

McEnroek gauza onak besterik ez digu eman, eta, horiek sentitzeari uzten diogunean, joan egingo gara. Zaletasuna zelako hasi ginen, eta horregatik egiten dugu oraindik.

Uda igarotakoan, diskoa aterako duzue The New Raemon katalan taldearekin batera. Nola sortu zen ideia eta zer aurkituko dugu bertan?

Ramonen dei batek abiatu zuen ideia. Atsegin dugu elkarren musika, eta oso proiektu ederra iruditu zitzaigun.

Hainbat hilabete daramatzagu kantuak prestatzen, eta grabatzeko desiratzen gaude. Musikak oraindik ere ematen dizkigun aukera eder horietako bat da. Ilusio handiz gaude, gauzak egiteko gogoz. Diskoa ederto geldituko dela uste dut.