Musika
Ekainaren 11n, Iruñean
Tres Sesenta jaialdiak doako kontzertuak eskainiko ditu Alde Zaharrean
ERREDAKZIOA | EITB.EUS
El Desvan talde iruindarra, Boni eta La M.O.D.A. arituko dira Iruñeko kaleetan larunbat eguerdia girotzen. Halaber, gastronomiari zuzendutako txokoa prestatuko dute Zitadelan.
-
Boni bideoklipa
Apustu berriekin iritsiko da Tres Sesenta jaialdia Iruñera. Izan ere, musika ez ezik, gastronomia ere sustatu nahi dute antolatzaileek bosgarren edizio honetan. Hala, tokiko produktuei gordetako leku bat atonduko dute Zitadelan. Gainera, aipatu eremutik kanpo ere zabalduko da musika, Alde Zaharrean hainbat kontzertu egongo baitira.
Hain zuzen ere, Tres Sesenta jaialdiaren egitarauari larunbat goizeko eta eguerdiko doako saioak batuko zaizkie. El Desvan talde iruindarra, Boni eta La M.O.D.A. dira, hain justu, Alde Zaharreko kaleak girotzeaz arduratuko diren artistak.
Gaur bertan aurkeztu dute jaialdiaren egitarau osoa. Aspaldi iragarri genuenez, ekainaren 10ean Monte del Oso, Ciclonautas, La M.O.D.A, Belako, Berri Txarrak eta DJ Göo! igoko dira oholtza gainera. Larunbatean, berriz, Maga, Grises, Ken Zazpi, Xoel López eta Edu Anmu disko-jartzailea arituko dira.
Berritasunik ere izango du aurten festibalak, behin kontzertuak bukatuta disko-jartzaileen saioak nagusituko baitira Zitadelan, 02:00etatik 04:00etara.
Tres Sesenta Club agertokian izango dira saioak, eta jaialdiko sarrerekin doan sartzeko aukera izango dute ikusleek. Sarrerarik ez dutenentzat, aitzitik, 5 euroan egongo dira salgai txartelak, Zitadelan bertan.