Itxi

Musika

WAS, Dekot...

Euskal taldeak ere entzungai, Bilbao BBK Live jaialdian

N.V. | eitb.eus

Bilbao BBK Liven, gehienen arreta bereganatzen duten izen handien ondoan (Pixies, New Order, Arcade Fire…) euskal taldeentzako tokia ere badago.

  • WAS taldeak ostiralean joko du, 23:00etan.

    WAS taldeak ostiralean joko du, 23:00etan.

Pixies, Arcade Fire, Tame Impala, Foals… Karteletan letra larriz agertzen diren taldeen inguruko nondik norakoak, kontzertuen ordutegiak eta errepertorio posibleak jakinak dira Bilbao BBK Livera bertaratuko direnentzat, baina, haien itzalean, agertoki txikiagoetan jotzera ohituta dauden euskal taldeek disfrutatzen eta euren emanaldietara joan ohi ez direnak erakartzeko aukera baliatzen saiatuko dira Kobetan hiru egunean.

Ostegunean, Begiz Begi euskal taldeak irekiko du, esaterako, jaialdia. Baionar taldeak “Joan ihes egin baino lehen” bere lehen diskoko doinuak eskainiko ditu Karpan, 17:30etik aurrera. “Herri musikatik abiatutako postrocka” egiten duela dio boskoteak.

18:30ean, agertoki berean, Rural Zombies zestoar taldeak joko du. “Bat” diskoaren egileek uda mugitua dute aurretik, eta gero eta jende gehiagok hitz egiten du beraiei buruz. Horren erakusgarri, Bilbao BBK Liveko kontzertuaren ostean, Biarritzeko BIG Festivalen, Donostiako Jazzaldian edo Sonorama Aranda de Dueroko jaialdian egongo dira.

Ostirala

Jaialdiaren bigarren jardunaldian, euskal musikak hiru enbaxadore izango ditu Kobetako agertokien gainean: Belako, WAS eta John Berkhout. Hain zuzen ere, azken hauek, gipuzkoarrak, izango dira jotzen lehenengoak. Heineken agertokian izango da, nagusietako batean, 18:20tik aurrera, eta, seguru asko, lehen diskoko kutsu folkieak bigarren mailan utzita, “Bloo Mind” bigarren lan elektroniko eta dantzagarriagoko kantuak izango dira nagusi errepertorioan.


Apur bat geroago, 21:15ean, Belako mungiarrek hirugarrenez joko dute Bilbao BBK Liven. Geroz eta oihartzun handiagoa jaso dute mungiarren emanaldiek Bilboko jaialdian, eta udazkenean “Hamen” bigarren diskoa argitaratu zuen laukoteak Kobetan emango duten hirugarren hau aurreko biak baino are handiagoa izango dela ematen du.

Horien ostean, WAS getxoztarren hartuko dute agertokia, 23:00etatik aurrera, “Gau ama” diskoa aurkezteko.

Larunbata

Jaialdiaren azken egunean, Foals eta Tame Impala kartelburuekin batera, McEnroe, Correos, Yellow Big Machine eta Dekot euskal taldeek joko dute. Tenislari izeneko getxoztar taldeak “Rugen las flores” disko berria aurkeztuko du, Pepsi agertokian, 21:45ean. Aurretik, Correos donostiarrek Karpan joko dute, 17:30ean; Dekot Gaztearen Maketa Lehiaketaren irabazleak agertoki nagusian arituko dira 17:45etik aurrera; eta Yellow Big Machine bilbotarrek ere Karpan joko dute, 18:30ean.

Kontzertuak, hirigunean

Bestalde, jaialdiaren kariaz Bilboko erdigunean antolatu dituzten kontzertuetan ere zenbait euskal talde egongo dira. Uztailaren 8an John Berkhoutek Areatzan joko du 13:00etan, eta biharamunean, larunbatarekin, McEnroek La Ribera aretoan kontzertua eskainiko du, 12:00etan hasita.