Musika
Irailak 22-25
Esne Beltza eta La Pulqueria, Sopela Kosta Fest jaialdiko buru
Agentziak | Erredakzioa
Hirugarrenez egingo dute Sopelan, irailaren 22tik 25era, natura, surfa eta musika ardatz dituen jaialdia. Sorkunek, Dead Broncok eta Rural Zombiesek ere joko dute, eta sarrera doakoa izango da.
-
Sorkunek ostiralean, irailak 23, joko du
Esne Beltza eta La Pulqueria izango dira, Sopelako Udalak ohar batean jakinarazi duenez, Sopela Kosta Fest jaialdiaren hirugarren edizioko kartelburuak. Irailaren 22tik 25era egingo duten jaialdiak surfaren kultura eta musika izango ditu ardatz.
Udaletxeko plazan eta sarrera doan dela, oholtzan 9 talde eta DJ-k -hartuko dute partek: Sorkun, Hey Mr. Neken, Dead Bronco, Rural Zombies, The Great Barrier, The Clams DJ Göo, Esne Beltzaz eta La Pulqueriaz gain.
La Pulqueria Valentziako taldea izango da ostiraleko, irailaren 23ko, kartelburua; ohi bezala, mexikar corridoa, ska eta rocka uztartuko ditu. Egun horretan, Eagles estatubatuar taldearen omenezko talde batek joko du, Hey Mr. Nekenek, baita Rural Zombiesek eta Sorkunek ere.
Larunbatean, irailaren 24an, Esne Beltza izango da kartelburua. Horiekin batera, The Clams Madrilgo taldea, Dead Bronco eta The Great Barrier arituko dira, eta DJ Göo nafarraren disko saioak itxiko du bigarren jardunaldia.
Surfa eta zinema
Gainera, Sopela Kosta Festek hainbat surf ikastaro eskainiko ditu, baita Euskal Herriko surf zirkuituan garrantzi handia duten zenbait txapelketa ere. Izan ere, Sopelako Udalaren eta Euskal Herriko Surf Federazioaren arteko lankidetzari esker, Euskadiko surf zirkuiturako baliagarria izango den bigarren proba asteburu horretan egingo da.
Horrez gain, film laburren lehiaketa ere egongo da, bigarrenez; lanek surfarekin eta naturarekin lotutako gaiei buruz aritu beharko dute, eta 10 minutuko iraupena izan behar dute gehienez.
dute gehienez.