Itxi

Musika

Urriak 6 eta 9

'Don Pasquale' opera Donostian, denboraldia hasteko

eitb.eus

Opus Lirica elkarteak Donizettiren musika duen opera eskainiko du urriaren 6an eta 9an Victoria Eugenian. Umeentzako saioa ere egongo da, urriaren 8an.

Donostiak opera-denboraldi berriari ekingo dio ‘Don Pasquale’ Opus Lirica konpainiaren lanarekin. Urriaren 6an eta 9an, 20:00etan eta 19:00etan, hurrenez hurren, antzeztuko dute, Victoria Eugenia Antzokian.

“Carlos Chausson lehen mailako abeslariaren produkzioa dugu hau, munduko baxu buforik onenetako batena”, azaldu du Chomin Martin Opus Liricako presidenteak.

‘Don Pasquale’ italiar opera bufo handietariko azkena da, Gaetano Donizettiren musikaduna, eta, Chaussonekin batera, Ainhoa Garmendia gipuzkoar sopranoa eta Jorge Franco tenorea eta Joan Martín-Royo baritonoa egongo dira taula gainean.

“Ekoizpen gipuzkoarra, % 100ean”

“Gipuzkoarren eta euskal herritarren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu; izan ere, hemen ere lehen mailako produkzioak egiteko profesional handiak ditugu”, adierazi du Ainhoa Garmendiak, Opus Lirica konpainiaren bultzatzaileak.

“Hurrengo operei begira, jendearen ilusioa eta gogoa neurtzeko termometroa izango da ‘Don Pasquale’. ‘La Traviata’k, iragan otsailean, Kursaal jauregia bete zuen bi egunez, eta jendeak Gipuzkoan opera nahi zuela ikusi zen”, azpimarratu du jarraian.

‘Don Pasquale’ren ondoren ‘Carmen’en txanda izango da, otsailean, Kursaaleko Auditorioan, eta, gero, ‘La Cenerentola’ maiatzean, Victoria Eugenia Antzokian berriro, Musikenerekin elkarlanean.

Saio didaktikoa, haur eta gazteentzat

Gainera, Opus Liricak 8 eta 17 urte arteko umeentzako ‘Don  Pasquale’ren saio bat eskainiko du urriaren 8an, 11:00etan, Victoria Eugenian bertan. Aurkezle-moderatzaile bat eta zenbait hezitzaile izango dira bertan, gaztetxoei jarraibideak euskaraz emateko.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Donostia