Albisteak

Kontzertua

Shakira, azaroaren 23an, Barakaldoko BEC-en

Erredakzioa

Kolonbiako abeslariak hilabete horretan hasiko du Europako hamar herrialdetan egingo duen kontzertu-bira.

Datorren azaroaren 23an Barakaldoko Bilbao Exibition Centren kontzertua eskainiko du Shakira abeslari kolonbiarrak. Sarrerak uztailaren 6tik aurrera jarriko dituzte salgai; 6an eta 7an, lehendabizi, aldez aurretiko salmenta izango da, eta, 8an, 10:00etatik aurrera, sarrerak publiko osoarentzat egongo dira eskuragarri.

Shakirak Live in Concert izeneko bira azaroan bertan hasiko du Europako hamar herrialdetan, eta besteak beste, Madrilen, Bilbon eta Bartzelonan geldituko da.

Hala, lehenik eta behin, azaroaren 19an Madrilgo Palacio de Los Deportes gunean izango da. Handik lau egunetara, azaroaren 23an, iritsiko da Barakaldoko BEC-ra. Eta, hurrengo egunean bertan, Shakira Palau Sant Jordin arituko da.

Antolatzaileen arabera, “musikaren muga guztiak gainditzen dituen ikuskizun zirraragarria" eskainiko du Shakirak. Horri gainera, abeslaria hain ezagun egin duten "erritmo sensualak" gehitu behar zaizkio, haien hitzetan.

Europan eskainiko duen kontzertu-bira honetan, "Sale el sol" udazkenean argitaratuko duen lan berriaren abestiren bat edo beste entzun ahal izango dugu. Dena dela, ez dira faltako bere kantarik arrakastatsuenak; "La Tortura", "Hips don''t lie" eta "Waka Waka", tartean.

90.000 pertsonen aurrean, Rock in Rio jaialdiko taula gainera igo zen Shakira duela aste batzuk. Musika ibilbide oparoa du abeslari kolonbiarrak: izan ere, 50 milioitik gora disko saldu eta 200dik gora izendapen lortu baititu munduan barrena.