Musika
‘Concert for Bangladesh’
Elkartasun akordeak, minbizia duten umeei laguntzeko
eitb.eus
La Cuadri del Hospi Gurutzetako ospitalean minbizia duten umeekin lan egiten duen elkarteak 3.000 euro jaso ditu The concert for Bangladesh kontzertu solidarioaren antolatzaileen eskutik.
Abenduaren 30ean, The concert for Bangladesh kontzertuaren bigarren edizioa egin zuten Bilbon, Fever aretoan, lehenengo edizioko jende kopurua eta diru bilketa % 20 handituta.
Aurten, Jokin Salaverria getxoztar musikariak sustaturiko kontzertuaren etekinak La Cuadri del Hospirentzat izan dira, Gurutzetako ospitalean minbizia duten umeekin lan egiten duen elkartearentzat.
28 euskal musikarik 1971n George Harrisonek eta Ravi Shankarrek Bangladesheko errefuxiatuei laguntzeko nazioarteko orduko rock izar nagusiek lagunduta eginiko kontzertua agertoki gainera eraman zuten berriz ere Bilboko edizioan. Helburua lortu zuten, antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez, eta New Yorkeko Madison Square Gardenen 45 urte lehenago bizi izandako giroa berriztatu zuten antolatzaileek Fever aretoko hitzorduan.
Lehenengo edizioak Kafe Antzokia bete zuen, eta Bizkaiko Elikagai Bankuari laguntzeko balio izan zuen; bigarren honen emaitzarekin ere pozik agertu dira antolatzaileak: % 20 hazi da ikusle kopurua eta, ondorioz, diru bilketa, eta Salaverriak berak La Cuadri del Hospiko kideei eman die dagoeneko.