Itxi

Musika

Urteurrena

40 urte Luis Mariano hil zela

Erredakzioa

50.hamarkadan opereta abeslari onenetakoa izan zen Irungo artista. Disko bakar batekin milioi bat kopia saltzen lehena izan zen Espainia mailan.

Luis Mariano abeslari ezagunaren heriotzaren 40.urteurrena betetzen da uztailaren 14 honetan. ''''Operetaren printzea'''' ere deitua, 50.hamarkadan izen handiko tenore, abeslari eta aktorea izan zen Irungoa. El sueño de Andalucía, Violetas imperiales edo El cantor de México bezalako lanekin egin zen ezagun zinema munduan.

Irunen jaio zen, familia xume batean, eta izar handi bihurtu baino lehen mahats-biltzaile eta plater garbitzaile lanetan aritu zen. Gerra Zibilak eztanda egin zuenean, familiak Irun utzi eta Frantziara alde egin zuen. Orduan hasi zen Luis Mariano Europako eszenatoki ezberdinetan izar handi bihurtzen. Disko bakar batekin milioi bat kopia saltzen lehena izan zen Espainia mailan.

Zinemak izar bihurtu zuen, eta orduko nazioarteko aktore onenekin egin zuen lan pantaila handian. Espainiako zineman, Carmen Sevillarekin batera aritu zen, ospe handiko filmetan parte hartuz.

Orain 40 urte hil zenetik Lapurdiko Arrangoitze herrian dago Luis Marianoren hilobia, eta bertan egingo diote jarraitzaileek gaur omenaldia. Era berean, Irunen ere gogoratuko dute abeslari handia, Luis Mariano lorategietan lore eskaintza eginez.