Itxi

Musika

Donostia

Opera eszenaratua Musika Hamabostaldira itzuliko da

Agentziak | Erredakzioa

Musika klasikoko jaialdiaren 78. edizioak “Figaroren ezteiak” eta Beethovenen “Fidelio” eskainiko ditu, azken hori BBCren Orkestra Filarmonikoak jota.

Donostiako iazko Hamabostaldian ez zen opera eszenaraturik egon, baina 78. edizio honetan arantza kendu ahalko dute musikazaleek, “Figaroren ezteiak” Mozarten lana eta “Fidelio” Beethovenen operaren kontzerturako bertsioa taularatuko baitituzte.

Patrick Alfaya jaialdiaren zuzendariak gaur eman ditu 2017ko edizioaren inguruko aurrerapentxo horiek, Hamabostaldia iragartzeko kartelaren aurkezpen ekitaldian. Manu Muniategikoetxea gipuzkoar artistak sortu du pieza abstraktu bat erakusten duen afixa.

Aurten aurrekontu “sendoagoa” dutelako programatu ahal izan dituzte “bi klasiko handi hauek”, Alfayaren hitzetan; izan ere, Hamabostaldiaren administrazio kontseilua osatzen duten hiru erakundeek (Donostiako Udala, Gipuzkoako Udala eta Eusko Jaurlaritza) ekarpen handiagoa egin dute.

Alfayaren esanetan, BBCren Orkestra Filarmonikoak joko du Beethovenek konposatu zuen opera bakarra, Juanjo Menak zuzenduta.

Musika klasikoaren aurtengo irudia Manu Muniategikoetxeak sorturiko pieza abstraktua izango da, Aleksandr Rodchenko errusiar artistaren obran oinarritutakoa.