Itxi

Musika

Balantze positiboa

106.000 ikusle Donostiako 45. Heineken Jazzaldian

Erredakzioa

Igandean bukatu zen Donostiako Nazioarteko Jazz Jaialdia, Kris Kristoffersonen eta Elvis Costelloren emanaldiekin. Eszenatoki gainean elkarrekin aritu ziren bi musikariak.

Ateak itxi ditu jada Donostiako 2010eko Heineken Jazzaldiak, eta antolakuntzak jakitera eman duenez, 106.000 ikusle bildu ditu aurten Donostiako Nazioarteko Jazz Jaialdiak (ordaindu beharreko emanaldiak eta doako kontzertuak kontuan hartuta). Beraz, iaz baino 3.000 lagun gehiago izan dira aurten Gipuzkoako hiriburuan.

Donostiako Udaleko Kultura zinegotzi Denis Itxasok eta Miguel Martin Heineken Jazzaldiko zuzendariak egin dute gaur balorazioa, eta ''''artisten maila eta publikoaren erantzun bikaina'''' azpimarratu dute. Zuzendariak Christian Scottena bezalako hitzorduak aipatu ditu, eta jaialdiko azken eguna bikaina izan zela ere gaineratu du. Ikusmin handia piztu duten jardunaldien artean dugu igandekoa. Izan ere, Kris Kristofferson musikagile eta country abeslaria eta Elvis Costello Britainia Handiko musikaria entzuteko aukera izan zen Trinitate Plazan, eta sorpresa ere eskaini dute azken emanaldi honetan: musikariek hiru abesti eskaini zituzten elkarrekin taula gainean.

Izen handiak

Igaro den asteazkenean jaialdiari hasiera eman zion Patti Smith rock emakumeak. Elvis Costelloren eta Kris Kristoffersonen country doinuak, ekarri dute Donostiara jaialdiaren musika estilo aniztasuna. Jazz sailari dagokionez, Portico Quartet, Wadada Leo Smith, George Benson, Stanley Clarke, Dave Holland, Archie Shepp eta Ron Carter kontrabaxu-jotzailea artisten emanaldiak izan ditugu entzungai. Carter estabatuarrak, gainera, 2010eko Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen.

Aurtengo edizioak elementu berri bat ekarri du: Kontzertu Sorpresak. Aurreko eguneko gaueko hamabietan egitarauaren isilpeko artisten izenak ezagutzera emango dira, jaialdiaren Facebookeko eta Twitterreko sare sozialen bitartez. Zalantza argituta, Giorgio Basmati, Vijay Iyer, Sweet Billy Pilgrim eta Pájaro Sunrise igo dira eszenatokira.