Musika
Galdakao
Musika proposamen ezohikoei atea irekiko die Kaiola festibalak
N.V. | eitb.eus
Maiatzaren 27an, larunbata, 20:00etatik aurrera, Fred Frith, Akauzazte, Jooklo Zappa, Jupiter Jon eta Pak Yan Lau arituko dira Galdakaoko Torrezabal kultur etxean, sarrera doan dela.
-
Jooklo Zappa taldeak hartuko du parte jaialdian, besteak beste
Gauza errazetara ohituta gaude: ñabardurak gutxietsita daude, eta, itxuraz, dena izan behar da gustagarria eta asimilatzen erraza, publikoaren faborea lortuko badu. Badago, halere, publiko eta fabore kontzeptu iheskor eta artifizialek jartzen dituzten tranpetatik ihesi, ausart jokatu eta bestelako bideak proposatzen dituenik.
Horietako bat da Kaiola galdakoztar festibala, eta, maiatzaren 27an, bigarren edizioa ospatuko du entzulea bestelako musiketara, aurrera mugitzera bultzatzen duten doinuetara, erakartzen duen jaialdiak. Torrezabal kultur etxeak 20:00etatik aurrera hartuko duen jaialdira sartzea doakoa izango da.
Agertoki gainean, Fred Frith avant-prog eta rock in opposition estiloen figura garrantzitsuenetakoa, Jooklo Zappa haize tresna eta bateria hirukotea, Jupiter Jon (“Eta metaforek greba egin zeben” aurkezten), Akauzazte azkoitiar taldea eta Pak Yan Lau arituko dira.