Itxi

Musika

Irailaren 9tik 12ra bitartean

Getxo Folk 2010 alaituko dute Ladysmith Black Mambazok y Oysterbandek

Erredakzioa

XXVI Nazioarteko Folk Jaialdia hartuko du Getxok irailaren 9tik 12ra bitartean. Sarrerak 8 eurotatik jarri dituzte salgai.

Folk musikaz blai datorkigu datorren astean Getxo: irailaren 9tik 12ra bitartean Nazioarteko Folk Jaialdiaren XXVI. edizioa hartuko du Bizkaiko udalerriak. Folk estiloaren ordezkari ezagunez osatutako egitarauaren barnean, Ladysmith Black Mambazo, Oysterband eta Mahala Rai Band taldeen kontzertuak nabarmendu ditzakegu. Gainera, folkaren artista berriak ere entzungai izango ditugu.

Areetako Geltoki Plazan bilduko dira Jaialdiaren izarrak. Ostegunean, Oyesterband folk-rock talde britainiarra arituko da zuzenean. Ostiralean, erritmo tradizionalak eta ska, reggae eta funk estiloak uztartzen dituen Mahala Rai Band Errumaniako taldearen txanda izango da.

Larunbateko hitzordua Ladysmith Black Mambazo Hegoafrikako talde ospetsuarekin izango da: Hegoafrikako musika tradizionala eta gospel musikaren arteko bat-egitea izango dugu entzungai. Portugaleteko Xabi Aburruzaga trikitilariak jaialdia itxiko du igandean. Taula gainean, gonbidatutako artistekin joko du, hala nola, Oskorriko kideekin (Antton Latxa eta Natxo de Felipe), Mikel Markezekin, Amaia Orejarekin eta Oreka TX taldearekin.

Nazioarteko mailan ezagunak ez baina "eskarmentu handiko" taldeek alaituko dituzte Getxoko arratsaldeak: Barrunto Bellota Band eta La Bruja Gata, besteak beste. Gauean, Judith Mateo eta Sevillako La Selva Sur artista berrien txanda izango da.

Musika erreferentzia hartuta, "herrien arteko loturak sendotzea, tolerantzia sustatuz, arrazakeriaren eta desberdintasunaren aurkako borroka" ditu helburu jaialdiak. Kontzertuekin batera, Iparraldea eta Hegoalde arteko bidezko merkatua sustatzen duen Bidezko Merkatua azoka bisitatzeko aukera eskainiko digu aurtengo edizioak. Artisau-produktuak ere protagonista izango dira. Koan Elkarteak antolatuta, Munduko Merkatuan herrialde desberdinetako artisau-produktuak izango dira ikusgai eta salgai.

Bi guneetan kokatuko dituzte eszenatokiak: Erromoko Santa Eugenia Plazan (bertako kontzertuak doakoak izango dira) eta Areetako Geltoki Plazan. Munduko Merkatua eta Bidezko Merkatuaren azokak bertan izango dira. Gainera, Bavariatik, Eskoziatik, Salamancatik eta Asturiasetik datozen musika bandek kaleko giroa berotuko dute egunero.

8 eurotatik, sarrerak salgai

Uztailaren 2tik jarri dituzte sarrerak salgai. Osteguneko, ostiraleko eta igandeko kontzertuetarako sarrerak 8 eurotan eros daitezke eta larunbateko kontzerturako, 15 eurotan. Honekin batera, 20 eta 30 eurotan bono bat erosteko aukera jarri dute eskura. Gazteentzako eta erretiratuentzako beherapenak daude. BBK-ko kutxazainetan, Villamonteko Kultur Etxean eta 94 431 03 10 telefonoaren bitartez lor daitezke sarrerak.

Kontzertuen egitaraua

Osteguna 9
19:00etan: Barrunto Bellota Band (Caceres), Erromoko Santa Eugenia Plazan (doako sarrera)
20:30ean: Oysterband (Britainia Handia), Areetako Geltoki Plazan

Ostirala 10
19:30ean: Gaizka Baena Grupo, Erromoko Santa Eugenia Plazan (doako sarrera)
20:30ean: Mahala Rai Band (Errumania), Areetako Geltoki Plazan
22:30ean: Judith Mateo (Cuenca), Erromoko Santa Eugenia Plazan (doako sarrera)

Larunbata 11
12:30ean: Andres Isasi Musika Eskolaren haurrentzako emanaldia, Erromoko Santa Eugenia Plazan (doako sarrera)
19:30ean: La Bruja Gata (Madril), Erromoko Santa Eugenia Plazan (doako sarrera)
20:30ean: Ladysmith Black Mambazo (Hegoafrika), Areetako Geltoki Plazan
22:30ean: La selva Sur (Sevilla), Erromoko Santa Eugenia Plazan (doako sarrera)

Igandea 12
18:30ean: Efeleson (Mexiko), Erromoko Santa Eugenia Plazan (doako sarrera)
20:30ean: Xabi Aburruzaga + gonbidatutako artistak (disko berriaren aurkezpena), Areetako Geltoki Plazan