Musika
Bonbardaketa
Kontzertu ziklo bat, Gernikako bonbardaketako sufrimendua gogoratzeko
eitb.eus
Bilboko Koral Elkarteak hiru kontzertu eskainiko ditu irailean Gernikan, Bilbon eta Madrilen.
Ahozko musikaren eta musika garaikidearen kontzertuen ziklo batek gogora ekarriko du, Bizkaian eta Madrilen, Gernikako herritarrek 1937ko bonbardaketan sufritu zuten oinazea.
“Gernika 80 urte. Bakerako musika gerraren urteurrenean” izenburuarekin, Bilboko Koral Elkarteak hiru kontzertu eskainiko ditu Gernikan (Andra Mari eliza), Bilbon (Guggenheim museoa) eta Madrilen (Reina Sofia arte zentroa), Bizkaiko Aldundiarekin, Guggenheim Bilbao Museoarekin eta Madrilgo Reina Sofia arte zentroarekin lankidetzan.
Gernikan, irailaren 22an, Bilboko Koralaz gain, hiribilduko hiru koruak ere izango dira kantari: Gaudeamus Korala, Andra Mari Korala eta Seber Altube Korala, 200 ahots baino gehiago guztira. Besteak beste, Pablo Sorozabal konpositorearen lanak entzun ahalko dira.
Bigarren kontzertua irailaren 28an izango da, Guggenheim Bilbao Museoan. Kontzertu hori Christos Hatzis konpositore greziar-kanadarraren Everlasting Light bake kantuaren Europako estreinaldia izango da.
Azkenik, hirugarren emanaldia irailaren 30ean eskainiko dute, Madrilgo Reina Sofia arte zentroan.