Musika
Irailak 21-24
Delorean eta Willis Drummond, Sopela Kosta Fest jaialdian asteburuan
Agentziak | Erredakzioa
Willis Drummond, Los Tiki Phantoms, Señores eta Rubia arituko dira ostiralean, eta Delorean, Tomasito, Koban, Kokein eta Optigan DJ, larunbatean.
-
Deloreanek irailaren 23an joko du
Delorean talde zarauztarrak dance musika jarriko du aurten Sopela Kosta Fest jaialdian. Bizkaiko herrian egiten den jaialdiaren laugarren edizioa ostegunetik igandera izango da, eta Willis Drummond, Los Tiki Phantoms, Señores, Rubia, Koban, Kokein, Tomasito eta Optigan DJ arituko dira Deloreanekin batera. Emanaldiak Udaletxeko plazan izango dira, doan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ostiralean, Willis Drummond, Los Tiki Phantoms, Señores eta Rubia taldeak izango dira taula gainean, eta Delorean, Tomasito, Koban, Kokein eta Optigan DJ, larunbatean.
Bestalde, Euskadiko surf zirkuituko proba bat jokatuko da jaialdiaren egitarauaren barruan, eta euskal espezialista onenetako batzuk elkartuko dira Arriatara hondartzan.
Halaber, jaialdiko film laburren lehiaketaren hirugarren edizioan parte hartuko duten bideoak jasotzen ari dira antolatzaileak egunotan. Lanek surfa eta natura izan behar dute gai nagusi, eta 30 minutuko iraupena, gehienez ere.
Film laburren lehiaketan parte hartzeko, nahikoa da jaialdiaren webgunean izena ematea.