Musika
Musika
Diego El Cigala zuzenean arituko da Kursaalen larunbat honetan
Erredakzioa
Tangoren izen handiekin batera grabatutako bertsioez osatuta dago 'Cigala & Tango', bere azken diskoa. Euskal Herriko publikoaren aurrean aurkeztera dator flamenko abeslaria.
Donostiako Kursaaleko Auditorium aretoan emanaldi bat eskaintzera dator gurera Diego El Cigala abeslaria. Euskal entzuleriaren aurrean bere azken musika lana aurkeztuko du larunbat honetan, Cigala &' || 'amp; Tango izenburukoa, Buenos Aires hiriko Gran Rex Antzokian zuzenean grabatutako tango abestietako diskoa, hain zuzen ere.
Undebel diskoarekin hasiera eman zion El Cigalak bere bakarkako ibilbideari 1997. urtean. 2001ean, Grammy Latinoetan urteko disko flamenko onenaren hautagaitza lortu zuen, Corren tiempos de alegría albumarekin. 2003. urtean kritika bikainak eta sari handiak jaso zituen, Bebo Valdesekin batera egindako Lágrimas Negras diskoari esker. Urrezko Mikrofonoa, bi Grammy saria eta Grammy Latinoetan bost hautagaitza, tartean, eskuratu zituen.
Azken musika lan hau ere arrakastatsua bilakatu du. Izan ere, kalera atera eta lehenengo egunean, 74.000 kopia saldu zituen. Kursaalen izango den larunbat honetako emanaldian El día que me quieras, Nostalgias nahiz En esta tarde gris bezalako kanta handiak izango ditugu entzungai. El Cigalarekin batera, Nestor Marconi bandoneon handiak, Diego Sanchez cello jotzaileak eta Pablo Agri bibolin-jotzaile ezagunak, besteak beste, lagundu dute disko honen grabaketan. Diego El Cigalaren hitzetan, "gauza berari buruz ari dira tangoa eta flamenkoa: gaua bitartean jazotzen diren gizakiaren tragedia txikiak".