Itxi

Musika

Elkarrizketa

Shinova: 'Entzun nahiko genukeena egiten dugu'

Natxo Velez | eitb.eus

Durangaldeko taldeak Plateruena Durangoko aretoan joko du larunbatean, otsailak 17, “Volver” diskoa aurkezteko biraren azken txanpan.

1:25

Shinova taldeak "Volver" bere laugarren diskoa, gero eta publiko zabalagoa izatera eraman dituen lana, aurkeztuko du larunbatean, otsailak 17, Durangoko Plateruena kafe antzokian. 2016ko irailean kaleratu zutenetik, asteburua joan asteburua etorri Estatuko hainbat areto eta jaialditan jotzeko atea ireki die ekoizpen bikaina duen aurrekoak baino lan pausatuago honek.

Boskote geldigaitza etxean jokatzeko prest iritsiko da hitzordura, hil hasieran Joy Eslava Madrilgo aretoan emandako kontzerturako salgai jarri zituzten 900 sarrerak agortu eta gero, eta emanaldiaren ordua heltzeko "gogo handiz" daudela esan dute.

Gabriel taldeko kantariarekin hitz egin dugu, Durangoko kontzertuaren atarian.

Taldea "Volver" 2016ko irailean kaleratutako diskoaren aurkezpen bira bukatzear da. Zer eman dizue lan horrek?

"Volver" diskoak poztasun asko eman dizkigu, kaleratu genuen egunetik. Une izugarriak bizi izan ditugu azken urte honetan. Irakaspen hutsa izan da!

"Volver" izan zen, hain zuzen, Warner diskoetxe erraldoiarekin atera zenuten lehen diskoa. Ba al dago alderik? Zertan lagundu dizue horren babesak?

Warnerretik arreta eman ziguna, logoaz edo multinazional izaeraz harago, lantaldea izan zen, maila profesionalean zein pertsonalean, baita lan egiteko duten filosofia ere, gure ikuspegitik oso gertukoa baita.

Aretoetako bira bukatutzat eman eta gero, hainbat jaialditan joko duzue. Non aritzen zarete gusturago? Zer jaialdi da zuentzat bereziena?

Bi formatuak bateragarriak, osagarriak eta ezinbestekoak dira. Aretoek artistaren eta publikoaren arteko gertutasuna eskaintzen dute, eta jaialdiak oso baliagarriak dira erakusleiho gisara, taldea ezagutzera emateko, horrek gero eragin positiboa izan dezan aretoetarako biran.

Dudarik gabe, Sonorama Ribera oso jaialdi berezia da guretzat, betiko markatu gaituzten une ahaztezinak bizi izan baititugu bertan.

SHINOVA FOTO JOY ESLAVA EN CONCIERTO MADRID POR RODRIGO MENA

Shinova, Joy Eslava Madrilgo aretoa betetzen. Argazkia: Rodrigo Mena.

Plateruena aretoko kontzertuaren atarian, berezia da etxean jotzea? Zer eskainiko diozue publikoari?

Beti da berezia etxean aritzea, eta irrikan gaude, aspaldian ez baitugu berton jo. Ezusteko bat baino gehiago egongo da gainera.

Kitai madrildar taldea gonbidatu duzue zuekin jotzeko. Zer aurreratu ahal diguzu beraiei buruz?

Bakarrik esango dugu inor ez dutela epel utziko. Ikaragarri gustatzen zaizkigu.

"Volver" kaleratu zenutenetik etengabe aritu zarete kontzertuak ematen. Konposatzeko astirik izan duzue? Nolakoak dira kantu berriak?

Inoiz ez diogu uzten konposatzeari, eta seguru asko urte honen amaieran aterako ditugun ideia berriekin lanean ari gara. Funtsezko ideia betikoa da: entzun nahiko genukeen hori sortzea.

SHINOVA POR JP FAJARDO

Argazkia: JP Fajardo

Zein dira zuen hurrengo helburuak?

Epe motzean, aurtengo gure helburu nagusia "Volver" areto eta jaialdietan agurtzea da, eta, jakina, musikak adierazteko ematen digun aukera baliatzen jarraitzea.