Musika
Diskoa
German Rodriguezentzako omenaldi musikala, 'Sanfermines 78 gogoan!' diskoan
Natxo Velez | eitb.eus
Gor nafar diskoetxeak kantu sorta bat bildu du 78ko sanferminetako gertakarien 40. urteurrenaren kariaz. Besteak beste, Leihotikan, Balerdi Balerdi eta La Chula Potra ageri dira diskoan.
-
Balerdi Balerdi da diskoan agertzen den taldeetako bat. Argazkia: Adolfo Lacunza.
1978ko sanferminetan, uztailaren 8an, Iruñeko zezen-plazan amnistia eskatzen zuen pankarta bat zabaldu eta gero, Espainiako Polizia Armatuak kargak egin zituen Iruñeko kaleetan, eta ondorio lazgarriak utzi zituen: zaurituak ugari eta bekokian tiroa hartuta hildako pertsona bat, German Rodriguez ikaslea.
Gor nafar diskoetxeak, gertakari horien 40. urteurrenaren harira, belaunaldi ezberdinetako sortzaileek egindako hainbat kantu bildu ditu, eta disko batean aurkeztu ditu, besteak beste, El Drogasek (La Venganza de la Abuela) eta La Chula Potra musikariek eta Leihotikan, Altxatu Balerdi Balerdi eta Iruñea Soviet Band taldeek sortutako abestiak.
Gitarra eta ahotsaren bidez zein metal, pop, hip hop eta street punk doinuz, "Sanfermines 78 gogoan!" laneko kantuok German Rodriguez zena omentzen dute, eta egun beltz hartan zer gertatu zen eta horrek hiriaren etorkizunean zer eragin izan zuen gerturatzen die nola gertakariak bertatik bertara bizi zituztenei hala belaunaldi berriei.
Kantu gehienak Iruñeko K estudioan grabatu dituzte, eta disko dendetan, liburu dendetan eta Iruñeko peñen egoitzetan salgai dagoen lanaren bidez bildutako dirua Sanfermines 78 Gogoan elkartearentzat izango da.