Itxi

Musika

Profila

Avicii, musika elektronikoaren izar handienetako bat

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

"Wake Me Up", "Levels" eta "Hey Brother" abestien sortzaileak erretiroa hartu zuen 2016ko martxoan. 28 urte zituela hil da.

Avicii DJ suediarra musika elektronikoaren ikur egin zen azken urteetan, 28 urte baino ez zituen arren.

Aldi baterako behintzat, erretiroa hartzen zuela iragarri zuen musikariak 2016ko martxoan, beste esparru batzuk esploratzeko eta “artistaren atzean dagoen pertsonaren bizitzarentzako” denbora gehiago izateko.

Orduan, agertokietara itzultzea baztertzen ez zuela azaldu zien jarraitzaileei gutun luze batean, baina itzulera denbora gutxi barru gertatuko ez zela argi utzi zuen: “Nire ibilbidean arrakastak izan dira, baina baita gorabehera handiak ere. Artista bezala hazi, eta aldi berean pertsona heldu bihurtu naiz, nire burua hobeto ezagutzen ikasi dut, eta nire bizitzan gauza ugari egiteko ditudala konturatu naiz”.

DJ Aviciik osasun arazoak izan ditu urteetan, besteak beste, pankreatitis akutu bat, “neurri handi batean alkohola gehiegi kontsumitzeagatik”, Variety aldizkariak gaur ziurtatu duenez.

Avicii 1989ko irailaren 8an jaio zen, Stockholmen (Suedia). Levels abestiari esker mundu mailan sona handia lortu zuen DJ eta musika elektronikaren produktore gisa.

Bere ibilbidean beste kanta ezagun asko ditu Aviciik, hala nola, Wake Me Up edo Hey Brother eta True (2013) edo Stories (2015) diskoak.

DJ suediarra mundu osoko jaialdietan izarra izan da. Era berean, beste artista handi batzuekin lan egin du, besteak beste, Coldplay (A Sky Full of Stars), David Guetta (Sunshine), Lenny Kravitz (Superlove), Robbie Williams (The Days) eta Rita Orarekin (Lonely Together).

2014an Dar um Jeito (We Will Find a Way) egin zuen, Brasilen egindako Munduko Futbol Txapelketaren ereserkia, Carlos Santana, Wyclef Jean eta Alexandre Piresekin batera.