Itxi

Musika

Ez Dok Fest

Toundra: 'Inoiz baino errepertorio indartsuagoak egiten ari gara'

Natxo Velez | eitb.eus

Madrildar laukotea Ez Dok Fest Eibarko jaialdiaren lehen jardunaldiko kartelburua izango da, Belakorekin batera. Ekainaren 1 eta 2an rock eskaintza zabala izango da Unbe kirolgunean.

  • "Vortex" diskoa aurkeztuko du Eibarren madrildar taldeak. Argazkia: Valentin Suarez.

    "Vortex" diskoa aurkeztuko du Eibarren madrildar taldeak. Argazkia: Valentin Suarez.

Toundra rock instrumentaleko laukotea Ez Dok Festeko, ekainaren 1 eta 2an Unbe denetariko rock doinu garaikidez zipriztinduko duen Eibarko jaialdiko, talde nagusietakoa izango da.

Toundra lehen gaueko, ostiraleko, kartelburua izango da, Belakorekin batera, eta beraiekin batera izango dira Nerabe, Joseba B. Lenoir, Dead Bronco, Vulk, Jardín de la Croix eta Viva Belgrado.

Hain zuzen ere, Eibarren bukatuko dute madrildarrek Vortex bere bosgarren diskoa aurkezteko biraren lehen zatia, hilabetez Frantzian, Herbehereetan, Suitzan, Belgikan, Ingalaterran, Eskozian, Alemanian, Luxenburgon, Danimarkan, Txekiar Errepublikan, Hungarian eta Austrian ibili eta gero. Donostian abiatu zuten bira hori, maiatzaren 3an, eta ekainaren 27an Euskal Herrira itzuliko dira, Gojiraren talde gonbidatua izango baitira baionar taldeak Atabal Biarrizko aretoan eskainiko duen kontzertuan.

Esteban Giron Toundrako gitarristarekin hitz egin dugu, post rock doinu hipnotikoak Eibarrera eraman aurretik.

Ez Dok Festen Vortex zuen bosgarren diskoa aurkeztuko duzue, zuen alderik zuzenena bildu duen lana. Horren bila ari zineten? Zeri zor zaio, zuen ustez?

Esteban: Hori bilatu dugu, nahita. Dirudienez, egiten dugun disko bakoitza aurrekoari ematen diogun erantzuna izaten da. Barrenak diskoa erraietatik egitea eskatu digu, besterik gabe. Garrantzitsua da haserre jarraitzea.

Diskoa kaleratu zenuten astean, Estatuko disko salduenen zerrendan sartu zineten berriz, laugarren postuan. Harritu egin zaituzte horrek? Garrantzirik ematen diozue?

Diskoetxeen kontuak dira horiek. Pozgarria da, noski, baina guk diskoaren eta taldearen beste arlo batzuetan dugu burua,

Mugarri horrek ekarri digun onena da jende askoren maitasuna jaso dugula. Beti harrituko nau disko bat atera eta jendea lau kakagixon hauek egiten dugunari begira egoteak.

Toundra

Argazkia: Iñigo de Amescua

Europan hilabeteko bira egin eta gero iritsiko zarete Eibarrera. Zer moduz uztartu dira Vortex laneko kantuak Toundraren gainerako errepertorioarekin? Zer eman diote kantu berriek zuzenekoari?

Gorputzari oxigeno gutxiago ematen diote kantu berriek. Inoiz baino errepertorio indartsuagoak egiten ari gara. Nekatuta baina pozik iritsiko gara, Ez Dok Festen bira zoragarri bat ixteko gogoz.

Denetariko jaialdietan jotzera ohituta zaudete: metal izaerakoak, rock kutsukoak edo pop eta elektronika doinuak nagusi diren batzuetan. Zein da horren proposamen desberdinetara ondo egokitzeko sekretua?

Jendeak, zorionez, musika ezberdin pila bat entzuten duela da sekretu bakarra, nire ustez. Rockzaleentzat, progresiboak gara; progresiboentzat, hardcorezaleak; metalzaleentzat mengel batzuk gara; eta indiek pentsatzen dute kanibalak-edo garela. Oso gustura egoten da inongo bandotan lerrokatu gabe eta lerro batetik bestera egiten.

Ez Dok Fest toki bikaina da zuentzat. Zer deritzozue kartelari eta zer talde ez duzu galduko, ahal baduzue?

Oso kartel ona da, eta oso pozgarria da aukera hau izatea. Oso pozik eta eskertuta gaude guregana jo dutelako. Belako ikusteko gogoa dugu, baita Viva Belgrado, Berri Txarrak eta Jardin de la Croix adiskideak ere.