Itxi

Musika

Euskadiko Orkestra

EOSek bira egingo du Austria eta Alemanian, Robert Treviñoren gidaritzapean

eitb.eus

Treviñok, gainera, bi urte luzatu du Orkestrarekiko lotura, eta 2021/2022 denboraldira arte izango da, horrenbestez, taldeko arduradun artistiko nagusia.

1:12

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Austria eta Alemaniara joango da urte amaieran. Hiru kontzertu egingo ditu Linz, Bregenz eta Munich hirietan, Robert Treviñoren gidaritzapean, zeina 2021/2022 denboraldira arte luzatu baitu sinfonikoarekiko kontratua.

Mojca Erdmann soprano alemaniarra eta Vadim Gluzman biolinista ukraniarra izango dira kontzertu birako bakarlari gonbidatuak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Oriol Roch EOSen zuzendari nagusiak eta Robert Treviñok berak gaur Donostian kazetariei azaldu dietenez.

Erdmann, Mahlerren 4. sinfonia kantatzen

Orkestrak hiru programa eramango ditu birara. Lehen eta hirugarren kontzertuak euskal musikarekin irekiko ditu: Aita Donostiaren Meditazioa obrarekin Linzekoa eta Pablo Sorozabalen Zazpi Lieder (Hautaketa)-rekin Bregenzekoa. Halaber, hiru kontzertuek Mahlerren Laugarren Sinfonia, musikagile alemaniarraren obra ezagunenetakoa, eramango dute programaren bigarren zatian.

Orkestra abenduaren 3an aterako da biran eta honako egunetan izango ditu kontzertuak: abenduaren 4an Linzen, 6an Munichen eta 8an Bregenzen.

“Euskal musika gehiago”

Treviñok garrantzia eman nahi dio garai guztietako euskal konpositoreen musikari: “40 partitura ditut etxean, zein kontzertutan sartuko ote ditugun zain”, esan du Treviñok, EOSekiko kontratua bi urtez luzatu duela iragarri den egunean.

Datorren denboraldirako “musika eta euskal musika gehiago” egongo dela erantsi du Treviñol, eta “komunitatearen konfiantza” eskatu du bere proiekturako.