Itxi

Musika

Larunbat honetan

Mississippi Mass Choir eta Joshua Nelsonen gospel doinuak, Kursaalen

Erredakzioa

Larunbat honetan bi emanaldi eskainiko ditu Mississippi Mass Choir gospel abesbatzak. Bihar, igandean, Joshua Nelson izango dugu taula gainean, South Carolina Gospel Chorale taldearekin.

Gospel doinuak gustuko dituztenek hitzordua dute Gabonetan Donostian. Mississippi Mass Choir abesbatza, Joshua Nelson musikaria eta South Carolina Gospel Chorale taldea izango ditugu Kursaal aretoan, asteburu bitartean.

Mississippi Mass Choir abesbatzak emanaldi bikoitza eskainiko du larunbtat honetan, abenduaren 18an. Ez da Donostiara egiten duten lehen bisita, eta, aurten ere taldeak bere formaturik handiena ekarriko du Gipuzkoako hiriburura: 18 abeslari eta 5 musikari. Gospel talde onenaren Grammy sariaz gain, Soul Train eta Stellar Awards aipamenak ere jaso ditu taldeak.

Bihar, abenduaren 19an Joshua Nelsonen txanda izango da. Musika-tradizio juduak eta afrikarrak bateratzen dituzten kosher-gospel doinuetan aitzindaria dugu Nelson. Abesbatza talde handien zuzendaritzan eskarmentu handiko profesionala da, eta The South Carolina Gospel Choralerekin dabil biran. Estatu Batuetako hego ekialdeko abesbatzik onenetakoa da hau. Robin Brown piano-jotzaile eta abeslariaren zuzendaritzapean 16 lagun izango dira taula gainean.