Musika
Haurrentzako ikuskizuna
'Hansel eta Gretel' klasikoaren 'Goibel' moldaketa musikala, Donostian
Erredakzioa
Kanpingags eta Golden Apple Quartet taldeek taularatuko dute literaturaren klasiko honen bertsio berria.
Grimm anaien Hansel eta Gretel ipuin klasikoa Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izango da ikusgai ostiral honetan, haurrentzako musikal itxura hartu duen moldaketa berezian.
Goibel du izena ikuskizun berri honek, eta Golden Apple Quartet eta Kanpingags taldeen ekoizpena da. Euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dute: euskaraz 17:00etan, eta 19:00etan gaztelaniaz.
Musikalak ipuin ezagunaren moldaketa librea dakarkigu, hitz zorrotzekin eta efektu digitalekin. Patxi Barcoren zuzendaritzapean Yolanda Pascualena, Mikel Antero, Iker Bengotxea eta David Rosco izango ditugu taula gainean.
Egurgile bat gustura bizi zen bere bi seme-alabekin Goibel basoan, harik eta egun batean ondoko herriko bizilagunek ume batzuk desagertu izanaren errua berari leporatu zioten arte. Egurra erosiko zioten bezeroen faltan, herrian eskean hasi zen. Bitartean, umeak basora joan ziren janari bila, bidean ogi apurrak utziz itzulerako bidea argi izateko. Orduantxe, gozokiz eginiko etxe bat topatu zuten...
Sarreren prezioa 9, 7 eta 5 eurokoa da, eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, eta Kutxaren ohiko kanaletan (Telekutxan, Servikutxan eta kutxa.net webgunean) daude salgai.