Musika
Musikalan Topaketetan
Love of Lesbian taldeak zuzeneko berezia eskainiko du gaur Bilbon
Erredakzioa
Santi Balmes taldearen liderrak bere zaleekin hitz egingo du eta ondoren, emanaldi berezia eskainiko die, Musikalan topaketen barnean.
Love of Lesbian pop-rock indieko talde katalana zuzenean arituko da gaur, urtarrilaren 20an, Bilboko BBK aretoan, Musikalan topaketen harira. Taldearen liderra eta abeslaria den Santi Balmes bere zaleekin bildu eta solasean arituko da. Love of Lesbian bandaren hasierei buruz hitz egingo die eta abestiak sortzeko modua azalduko die.
Ondoren, bertara hurbilduko direneni esklusiban zuzendutako kontzertu berezia eskainiko dute. Sarrerak salgai daude BBK-ko zerbitzu anitzeko kutxazainetan, 3 eurotan (BBK-ko txartelarekin) eta 6 eurotan (gainontzeko txartelekin).
Love of Lesbian Bartzelonan sortu zen 1996an. Hasierako diskoak ingelesez grabatu ondoren, euren azken hiru albumak gaztelaniaz egin dituzte. Pop-rock indie musika estiloko bandarik preziatuenetarikoa da Love of Lesbian. 2009. urteko martxoan kaleratu zuten bere azken diskoa, 1999 (o cómo generar incendios de nieve con una lupa enfocando la luna) izenburukoa. Rolling Stone musika aldizkari espezializatuak bi golardo eman dizkio bandari: talde onenaren eta urteko bira onenaren sariak, hain zuzen.