Itxi

Musika

Algortako Portu Zaharrean

Getxon beste kontzertu bat antolatzeko negoziazioetan ari dira Bizkaia eta MTV katea

Agentziak | Erredakzioa

2019ko udaberrira edo udara begira, Algortako Portu Zaharrean kontzertu bat antolatzeko lanean ari direla aurreratu du Bizkaiko ahaldun nagusiak.

  • Muse taldeak San Mamesen (Bilbo) eman zuen kontzertua. Artxiboko argazkia: EFE

    Muse taldeak San Mamesen (Bilbo) eman zuen kontzertua. Artxiboko argazkia: EFE

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak astelehen honetan jakinarazi duenez, 2019ko udaberrira edo udara begira, Algortako Portu Zaharrean (Getxo) kontzertu bat antolatzeko lanean ari dira jada MTV telebista katearekin.

MTV EMA sarien ekitaldia dela eta, joan den astean antolatutako kontzertuetara “ia 70.000 pertsona” hurbildu zirela nabarmendu du Rementeriak. Alabaina, datozen urteei begira horrelako beste ekitaldi bat prestatzea zaila izango dela aitortu du.

Halaber, nazioartean hainbesteko oihartzuna duten ekitaldiak Bizkaian antolatzeko ahalmena azpimarratu du Rementeriak. Ildo horretatik, ez dela “inolako arazorik egon” ziurtatu du, eta MTV kateak euskararekiko eta euskal kulturarekiko izan duen aurretiko jarrera eskertu du, batik bat Berri Txarrak eta Crystal Fighters taldeek San Mamesen eman zuten kontzertua adibide gisa jarriz.