Musika
Musika
Arcade Fire, momentuko taldea
Erredakzioa
Estudioko hiru lan argitaratu ondoren, rock alternatiboaren bozeramaile nagusi bilakatu da taldea, eta Grammy sarien azken edizioan Urteko Diskorik Onenaren saria eman zioten.
Win Butlerrek eta Regina Chassagne emazteak sortu zuten Arcade Fire, 2002an. Talde jendetsua da, kantuak sortzeko instrumentu asko erabiltzen dituena. Magiaz eta emozioz beteriko doinuek oniritzi zabala ekarri diete, besteak beste The Suburbs estudioko hirugarren diskoari esker jaso berri duten Disko Onenaren Grammy saria.
2004an, Funeral lehen diskoari esker, mundu osoko hedabide espezializatuen arreta bereganatu zuen Kanadako taldeak. Lan hunkigarria da, grabazio lanetan ari ziren bitartean hainbat taldekidek senideak galdu izanak markatu zuena. ''Neighborhood #3'', ''Rebellion (lies)'' eta ''Wake up'' abestiak belaunaldi baten ereserki bilakatu ziren berehala, eta kontuan hartu beharreko taldea zirela erakutsi zuten, 2005eko Primavera Sound jaialdian eskainitako kontzertua gogoangarrian esaterako.
''Neon bible'' estudioko bigarren diskoa 2007an iritsi zen. Aurrekoa baino ilunagoa da, soinu helduagoa du eta egitura konplexuez josita dago. Kritikarien eta jarraitzaileen onespena lortu zuten lan honekin ere. ''Black mirror'', ''Keep the car running'' eta ''No cars go'' abestiek, adibidez, diskoa emozioz bete eta taldearen ibilbidea finkatu zuten. AEBetan eta Erresuma Batuan salmenten zerrendetako lehen postuetara iritsi ziren, eta oso sarri agertu ziren nazioarteko jaialdietako kartelen buruan.
Orain arte urteko disko onenen zerrendetako lehen postuetan egon da prentsa espezializatuan, baina, 2010eko Disko Onenaren Grammy saria irabazita, momentuko taldea bilakatu da Arcade Fire. Birako kontzertu gehientsuenetan sarrera guztiak agortu dituzte eta emanaldi epikoak egin dituzte. Kontzertu ikusgarriak eskaintzen dituzte, jarraitzaileen gozamenerako, eta ''Ready to start'', ''Month ot may'' edo ''We used to wait'' estudioko hirugarren diskoko abesti intentsuei esker lortzen dute hori, hein handi batean; edo ''Moder man'' eta ''Wasted hours'' kantu atseginei eta ''Sprawil II (Mountains beyond mountains)'' abesti argiztagarriei esker. Uztailaren 13an Bilboko Guggenheim museoaren kanpoaldean eskainiko duten kontzertua bere musika bezain epikoa izango da.