Itxi

Musika

Elkarrizketa

Joseba Irazoki: ‘Inprobisaziotik sortutako ideiak biltzea da nire metodoa’

Natxo Velez | eitb.eus

Berako musikariak Joseba Irazoki eta Lagunak proiektuaren bigarren diskoa aurkeztu du, “Zu al zara?” (Bidehuts, 2018), eta berarekin hitz egin dugu lan horri buruz gehiago jakiteko.

  • Joseba Irazoki eta Lagunak

Joseba Irazoki gitarrista bizia (Bera, 1974) Joseba Irazoki eta Lagunak proiektuaren bigarren diskoarekin itzuli da, Felix Buff (Willis Drummond, Rafael Berrio…), Jaime Nieto (WAS, Atom Rhumba, Rafa Rueda…) eta Ibai Gogorza (Onddo, Borrokan) lagun dituela.

Barealdiak (“Gose naizelarik”, “Dantzarik zailena”), inarrosaldiak (“Lucio eta Durruti” diskoaren hasiera dirdiratsua) eta bietarik dituzten kantuak (“Zigorra”, “Salbatzaileak”) tartekatzen dira Zu al zara? lanean, betiere dotorezia dela ardatz, doinuak gustu onez, mimoz, nortasun handiz eta ahalmen teknikoz jota.

Lagun taldeari beste adiskide batzuk batu dizkio Irazokik gainera, oraingoan, oinarri rockeroa kolorez zipriztintzeko: Aida Torresek (Jupiter Jon) ahotsak jarri ditu hiru kantutan, Ager Isunzak pedal steela “Zigorra”n eta Abraham Bobak, Ruben Caballerok eta Israel Marcok teklatuak beste hiru kantutan.

Rocka, psikodelia, pop ukituak, funk oihartzunen bat (“Dantzarik zailena”, “Enpate batekin aski”) eta esperimentazioa (“AAAA”, “Zu al zara II?”) nahasten ditu Irazokik “Eta Lagunak” proiektuaren bigarren disko honetan, unibertso biltzaile eta –behin entzulea harrapatutakoan– zirraragarria eraikitzeko. Bertan gehiago barneratu nahi izan dugu, gitarristaren eskutik.

Nola uztartzen duzu zeure proiekturako konposatzeko lana eta beste musikari batzuen kantuak ikasteko eta lantzeko jarduna?

Errango nuke lanerako nahiko diziplinatua naizela. Egunero, 3 ordu inguru lan egiten dut goizez. Tarte horretan, gauza desberdinak egiteko denbora edukitzen dut, baina egia da besteen proiektuei eskaintzen diedala gehien.

Eta zelan banatzen dira, egitekotan, instrumentista eta sortzaile paperak?

Gitarrista moduan aritzen naizenean, sortzaile sentitzen naiz disko bat grabatzeko orduan. Oso prozesu polita da konponketena, eta eroso sentitzen naiz tesitura horretan. Errepertorioak ikasteak lotura handiagoa du errutinarekin, eta, azkenean, behatzak forman mantentzeko modu bat ere izaten da.

Nere kantuak aipatutako lan horien tarteetan egiten ditut. Arnasa hartzeko, inprobisatzen aritzen naiz eta horrela etortzen zaizkit ideiak. Musika bat osorik etortzen ahal zait egun batean, baina gehienetan puskak grabatzen ditut. Denborarekin, zati horiek berriro lantzen ditut kantu bihurtu arte. Pieza horiek elkarren artean forma hartzen dutela ikusten dudanean, disko batean pentsatzen hasten naiz. Orduan, bai: hilabete batzuetan, buru-belarri jartzen naiz konposizioan.

Joseba Irazoki eta Lagunak

Noiz konturatu zinen “Eta Lagunak” proiektuaren disko berri bat egiteko adina material bazenuela? Pilatutako kantuak dira edo epe konkretu bat ezartzen diozu zeure buruari disko osoa konposatzeko?

Erran bezala, inprobisaziotik sortzen diren ideiak biltzen joatea da nire metodoa. Lau urte hauetan, joan naiz gauzak sortzen pixkanaka, eta taldearen soinua finkatzen joan da ere. Azken kontzertuetan lortutako soinua diskoan islatu nahi nuen, eta horrek zerikusi handia eduki du sortzen joan naizen kantuen aukeraketan. Orokortasun bat ikusi dudanean, pentsatu dut diskoa egiten ahal genuela.

Noiz erabakitzen duzu kantu baten zirriborroa aproposagoa izan daitekeela “Eta Lagunak” proiekturako edo beste proiektu baterako, adibidez zure bakarkako disko esperimental baterako?

Sortzen ditudan gitarra esaldiek lehenengo arrastoak ematen dizkidate. Segidan bateria erritmo bat etortzen bazait burura, nahiko argi ikusten dut taldean lantzeko kantua izan daitekeela.

Sorkuntza esperimentalagoak, berez, ez ditut konposizio gisa ikusten. Ideiak grabatzen ditut, baina gehiago dira giroak edo, hitzak dioen bezala, esperimentatzen ari naizenean sortzen diren artefaktuak.

Atala estudioan, End Note Johannes Buffen estudioan eta zure etxean bertan grabatu duzu diskoa. Zer bilatu duzu toki horietako bakoitzean?

Atala estudioa izan da oinarriak grabatzeko lekua eta, batez ere, bateria soinu on bat lortzea izan da bertan grabatzeko arrazoia. Aurrekontuagatik, nahiago izan dut gitarrak etxean grabatu, material guztia (gitarrak, anplifikadoreak…) eskurago edukitzeko ere.

Ahotsak eta teklatu batzuk Johannesen estudioan grabatu ditugu. Etxe partikular bat da, eta ez genuen sonoritate berezirik behar hori grabatzeko.

Nolakoa da Johannes Buff ekoizlearekin egiten duzun lana? Zer eransten die zure ideiei?

Nahiko erraza. Musikalki gustu oso berdintsuak ditugu, eta pertsonalki ere badugu konexioa. Kanpoko begirada fresko hori bilatzen dut berarengan, eta bi diskoetan prozesuaren azken zatian iritsi da.

Oraingoan, kantuak entzun gabe etorri zen estudiora eta azken ukitu horiek ematen lagundu zigun oinarriekin. Geroko konponketak elkarrekin landu ditugu. Ekoizle lanaz gain, asko gustatzen zait bere teknikari lana ere, eta nahasketa oso onak egiten dituela uste dut.

Oso musikari lanpetuak zarete proiektuan parte hartzen duzuenok, ez dut uste kantuak lokalean behin eta berriz jotzen aritzeko aukerarik izango duzuenik, garai batean bezala… Teknologia berriekin lan egiten duzue? Nola? Badu horrek eraginik emaitzan?

Errango nuke oraingoa izan dela nire disko baterako entseguak egin ditugun aldi bakarra. Ekain eta uztail artean, 4 egun geratu ginen. Denak nahiko lanpetuta gabiltza, eta, berriro ere aurrekontua dela eta, ezin ditut musikariak mila entsegutara “behartu”.

Halere, egia da gaur egun entseguak grabatu egiten direla eta, behin etxean entzunda, emailez lantxo bat egiten dela. Batzuetan pentsatzen dut nahiko nukeela horrelako disko superlandu bat egin, baina ez dakit iritsiko den egun hori, ezta nire izateko moduarekin doan ere.

Oinarrizko laukotearen lanari hainbat kolaboratzaileren parte-hartzea gehitu diozu. Zer bilatu duzu horietako bakoitzarengan? Zer eman diote kantu bakoitzari?

Lagunak taldearen nukleoa zein zen argi eta garbi ikusi genuen aurreko biraren azken kontzertuetan. Uste dut nahiko soinu zehatza lortu genuela. Disko honetan, sintetizadoreen konponketa batzuk ere sartu nahi nituen, eta horregatik jo dut beste lagunengana. Kantuak egiten hasi ahala kantuak berak erakusten zuen zer behar zuen, eta horrela jokatu dugu.

Aidaren kasuan, Johannesek ahots femeninoak entzuten zituen zenbait abestitan, eta, Aidaren fana naizenez, berehala izan nuen argi berak izan behar zuela.

Xabier Gantzarainek ‘Zigorra’ kanturako jarritako hitzek diote normaltasuna zigorra dela, eta bistan da sortzaile gisa egin duzun ibilbidean ihes egin diozula ortodoxiari eta errazkeriari. Musikan ere, aspergarria da ohikoa? Normaltasuna zigorra da?

Oro har, esango nuke musikari guztiek une bakoitzean gorputzak eskatzen diguna egiten dugula. Batzuek, agian, berehala egin nahi dute arrakasta komertziala duen zerbait, eta horretarako formulak erabiltzen dituzte, baina, orokorrean, harrituko gaituen zerbaiten bila gabiltza denak.

Arriskatzea oso erlatiboa da. Musikari esperimental batek arriskatzen ahal du hasieran, baina, bizitza guztian zehar berdina egiten badu, ez dakit nik hori arriskatzea den... Oro har, formulak asko errepikatzen direla uste dut, eta publiko eta hedabideen aldetik arreta gutxi izaten dute hori egiten ez dutenek. Fokuetatik kanpo daudenek egiten dituzte nire gustuko musikak.

Pertsonalki, era askotako diskoak egin ditut, arauetatik ateratzen diren lurretan aritu naiz. Baina esan behar dut disko ortodoxo on bat egitea oso zaila dela.

Askatasunaren gaia, benetakotasunarekin batera, hitzetako askotan ageri da. Erabat askea zara sortzeko orduan? Zer mamuri, zer trabari, egin behar dio aurre sortzaileak bere buruarekin zintzo eta egiati jokatzeko?

Errango nuke sortzeko lehengo momentu horretan guztiz askea naizela. Egia da disko bat grabatzea pentsatzen duzunean badagoela momenturen bat komertzializazioan pentsatzen duzuna. Batzuetan gertatu izan zait, batez ere publiko zabalago batera bideratua egongo den disko bat izan denean.

Normala dela ere uste dut. Konposatzen zaudenean badakizu musika batzuk entzungarriagoak direla beste batzuk baino. Disko hau egiterakoan ere gertatu zait sonoritatea inguruneak baldintzatu duela pixka bat: Euskal Herriko zirkuitua oraindik nahiko rockeroa dela uste dut, eta horrek bere eragina du, nire ustez, musika egiterakoan.

Zer plan dituzu orain, proiektu honekin eta parte hartzen duzun gainerako taldeekin?

Bada, aurreko urtea grabazio urtea izan da, hainbat disko grabatu ditut. Beraz, aurten horiek aurkeztea da helburua.