Itxi

Musika

Elkarrizketa

Christina Rosenvinge: 'Gose eta amodioari buruz hitz egiten dut beti'

Arkaitz Villar

Erredakzioa

Abeslari madrildarrak 'La joven dolores' disko berria aurkeztuko du egunotan Gasteizen (martxoak 17), Bilbon (martxoak 18) eta Iruñean (martxoak 19).

Cristina Rosenvingek gurean aurkeztuko duen diskoa kolaborazioz gainezka dago. Steve Shelley (Sonic Youth), Chris Brokaw (Comeko kide ohia), Jeremy Wilms, Charlie Bautista, Aurora Aroca (Boat Beam), Benjamin Biolay eta Georgia Hubley (Yo La Tengo) musikariek hartu dute parte emozioz eta erreferentzia mitologikoz beteriko lanean.

Uler daiteke bizitza minik gabe?

Zalantzarik gabe, mina bizitzaren zati bat da. Behin gaindituta, pertsona hobe bilakatzen gara. Gainera, gauza onak gehiago estimatzen dira zein hauskorrak diren konturatzen zarenean.

Bertigo pixka bat eman dezake diskoa egiterako orduan izan duzun kolaborazio taldea ikusteak.

Eskerrik asko! Oso atsegina da gustatzen zaizkizunen gustukoa zarela jakitea. Lanbide honetako gauza ederrenetako bat da denborak aurrera egin ahala ezagutzen duzun jende berezia. ''''Eco'''' Georgia Hubleyri
erakustea izan zen une onenetarikoa.

Hainbat urtez ingelesez abesten eta idazten egon ostean, badirudi oso gustura zabiltzala gaztelaniaz lan egiten.

Bost disko egin nituen gaztelaniaz, ingelesarekin saiatu aurretik. Naturalagoa egiten zait horrela lan egitea. Hala ere ez dut ingelesez idaztea baztertzen. Samurragoa da melodia errazak sartzea.

Ateratzen duzun disko bakoitzean konposaketa aldetik heldu egiten zarela iruditzen zait. Argitaratzen duzun lan bakoitza aurrekoa baino helduagoa da.

Heldutasun hitzak beldur pixka bat ematen dit. Ez dut uste inora heldu naizenik, bide berean urrunago noala baizik. Eta hau hasierakoa bezainbeste edo gehiago gustatzen zait.

Disko sentibera da ''La joven Dolores''.

Oso nabarmena ez izatea espero dut, gogoeta ugariz mozorrotuta baitago. Azkenean, laborategiko igela erditik zabaltzen duten bezala biluzten da artista. Baten burua aztertuta, guztiontzat baliagarriak diren ondorioak ateratzen dira.

Lan oso femeninoa da, mitoz betea dagoena: ''Canción del Eco'', ''Eva enamorada'', ''Desierto''...

Bai. Mitoak betiko dira eta gizakiaren jokaera azaltzeko balio dute. Aukeratu ditudan pertsonaiek gauza bat dute komunean: bigarren mailako pertsonaiak dira (Eva Adanen saihets-hezurra da, lot-en emazteak ez zuen izenik ere, Nartzisoren istorioan lerro batzuk besterik ez dizkiete eskaini eco-ri). Hirurek pairatu dituzte jainkoen zigorra, eta ez dituzte sentimendu eta pentsamenduak azaldu. Horregatik hartu dut haiek interpretatzeko askatasuna.

''Debut'' da agian abesti hauskor eta xaloena.

Idatzi nuen azkena izan zen. Femeninotzat jo ohi diren gauza batzuen (joskintza, balleta...), limurtzeko jokoaren eta denboraren joanaren arteko jolas surrealista da. Hainbat aldiz hasi baina bukaeran soilik ixten den esaldi batek ematen dio bukaera abestiari ''...eta berak... albainutzen nau''. Goseari eta amodioari buruz hitz egiten amaitzen dut beti.

''Jorge y yo'' abestian gai pertsonalak jorratzen dituzu.

Bai. Nire neba zaharrena da Jorge, eta abestia alegia txiki bat da. Nire familian arazo serio batzuk zeuden eta ni babesteaz arduratzen zen. Etxetik ihes egin eta ezkutatzeko lekuak bazeudela imajinatzen uzten zidan. Heroia zen niretzat.

Zer aurkituko dute zure kontzertuetara doazen euskal zaleek?

Pertsonalki ezagutuko gaituzte. Abestiak oso ondo azaltzen diren gauza gutxirekin. Hiru musikarirekin noa: Gabriel Marijuán, Jesús Chumillas eta Charlie Bautista. Zuzenekoak dira unerik onenak.