Itxi

Musika

Larunbat honetan

'Record Store Day 2011' ekimena, Bilbon, Gasteizen eta Irunen

Erredakzioa

Taldeek eta disko denda txikiek bultzatutakoa da, eta Euskadin egiten den lehen aldia da. Egun horretarako berariaz sortutako EPak eta singleak kaleratzen dituzte, denda txiki horietan saltzeko.

Record Store Day ekimena Estatuan egingo da aurten estreinakoz, eta Bilbon, Gasteizen eta Irunen ere egongo da ekimenarekin bat egiteko aukera.

Musika industria erraldoia albo batera utzita, disko denda txikien aldeko eguna da Record Store Day. Hartara, egun horretarako berariaz sortutako EPak eta singleak kaleratuko dituzten hainbat taldek, gehienek binilo formatuan, eta denda horietan izango dira lanok salgai.

Metallicak aurkeztu zuen ofizialki Record Store Day ekimena San Frantziskon, 2008ko apirilaren 19an. Hori dela-eta, urtero apirilean ospatzen da eguna, hirugarren larunbatean. Aurten hilaren 16an dugu hitzordua, eta, estreinakoz, Bilbon, Gasteizen eta Irunen ere egingo dute. Honako saltoki hauek hartuko dute parte: Power Records (Bilbo), Electra Store (Gasteiz), Disco Laser (Gasteiz) eta Bloody Mary (Irun).

Bilboko Power Records saltokian, adibidez, Santiago Delgado eta Runaway Lovers arituko dira, zuzenean. Electra Storen ere emanaldiak antolatu dituzte: Miguel Positiva eta Los Fontane taldekoen akustikoa.

Estatu mailan, hainbat talderen lan bereziak kaleratuko dira egun honekin bat eginaz: Franz Ferdinand, Arctic Monkeys, Fleet Foxes, Foo Fighters, Radiohead, R.E.M., Queen, Lady Gaga, Kings of Leon, Interpol eta AC/DC, besteak beste.

Talde eta musikari askok egin dute ekimenaren alde: Paul McCartney, Bruce Springsteen, Metallica, Ben Harper, Queens Of The Stone Age, Tom Waits, Ian Gillan (Deep Purple), Patterson Hood (Drive-By Truckers), Dale Watson, Henry Rollins, Norah Jones, Steve Wilson (Porcupine Trees), Joan Jett, Brett Netson (Built To Spill), Mike Portnoy (Dream Theater), Klaus Meine (Scorpions), Sammy James, Jr. (The Mooney Suzuki) eta John Mellecamp.