Itxi

Musika

Ekainak 21-22

Stray Catsek irekiko du Azkena Rockeko rock eskaintza zabala

Natxo Velez | eitb.eus

Brian Setzer buru duten rockabillyak Gasteizko jaialdiaren lehen kartelburuak dira, baina bi egunetan askoz gehiago egongo da: Wilco, The Cult, The B-52s, Tesla, Blackberry Smoke…

  • Stray Cats

    Stray Catsek itzulerako europar birako lehen kontzertua emango du Gasteizen

Azkena Rock Festival Gasteizko jaialdiak hamazortzigarren edizioa ospatuko du ekainaren 21 eta 22an, eta zentzu zabalean ulertutako rockaren eskaintza oparoa paratuko dute antolatzaileek, publikoaren gozagarri, Mendizabalako agertokien gainean.

Estralurtar batek egunotan Mendizabalan lur hartuko balu, ondo baino hobeto ulertuko luke rocka zer den. Rocka Wilcoren proposamenetik Philip Anselmo & The illegalsen (Panteraren kantuak joko dituzte) bortizkeria metalikora doa; Blackberry Smokeren eta Luceroren amerikar erro sakon eta dotoretik B-52s-ek eta Stray Catsek berek proposatzen duten dantza eta parrandara; eta Morganen sentiberatasunetik Corrosion of Conformityren sakontasunera edo Glassjawren bat-batekotasunera.

Bada, Stray Cats izango da, ostiraleko jardunaldian, goiko adibideen bidez mugatutako estiloaren lehen erakusle pisuzkoa. Rockabillyaren mitook Arabako hiriburuan ekingo diote 40 urte bete dituztela eta diskoa argitaratu berri dutela ospatzeko europar birari.

Horiekin batera, ARFren lehen gauean izango dira, besteak beste, The B-52s, taldearen agur biran; Deadline Ritual Gezzer Buttler (Black Sabbath) baxu-jotzailearen eta Matt Sorum (Guns n’ Roses, Velvet Revolver) bateria-jotzailearen proiektua; Blackberry Smoke; Lucero; Glassjaw; eta Giante gasteiztarrak eta Micky & The Fuzz bilbotarrak.

Larunbatean, Wilco izango dira kartelburuak, eta aldean izango dituzte The Cult, ‘A sonic temple’ 1989ko bere diskoa jotzen; Teslaren 80ko hamarkadako hard rocka; Gang of Four; Phil Anselmo, Pantera taldearen kantuak jotzen; Corrosion of Conformity; Morgan; Outgravity gasteiztarrak eta beste asko.

Gasteizen, eguerdian hasiko da jaia, Andre Maria Zuriaren plazan, Tami Neilsonen (ostirala) eta Danny & The Champions of the Worlden (larunbata) doako kontzertuekin. Mendizabalako ateak, bestalde, 17:00etan irekiko dituzte egunero, eta musika ez ezik, bestelakorik ere egongo da, hala nola Wall of Deathen motorrak eta mexikar borroka librea.